Juan Joxe Lizaso asteasuarra eta Ainara Otamendi ibartarra izan dira Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketako irabazleak. Herenegun arratsaldean jokatu zen txapelketa Zizurkilgo Andrezketa baserri ondoko zelaian, Ziotza kirol elkarteak eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak antolatuta. Gizonezkoetan 16 segalari aritu ziren, tartean, 10 eskualdekoak, eta emakumezkoetan lau segalari, denak eskualdekoak.
Lizasok bi minutu eta 56 segundo behar izan zituen lana amaitzeko, hau da, 100 m2-ko saila ebakitzeko. Bixente Mitxelena bigarren izan zen, 16 segundo gehiagorekin, eta Baliarraingo Jokin Garmendiak osatu zuen podiuma, 3 minutu eta 30 segundorekin. 16 segalarik emana zuten izena, baina Igor Esnaola, Jexux Goenaga eta Jexux Mari Ormaetxea Urki orendaindarrak ez zuten jokatu.
Emakumezkoetan, berriz, Ainara Otamendi gailendu zen, 50 m2-ko bi sailak 4 minutu eta 57 segundoan ebaki zituelarik. Bigarren Alatzne Etxaburua zizurkildarra sailkatu zen, segundo bakarrera, eta hirugarren, Alaitz Imaz hernialdearra 5 minutu eta 31 segundorekin.
Bestalde, Jon Kanflanka leitzarra eta Juan Joxe Lizaso asteasuarra ariko dira datorren asteburuan Euskal Herriko Sega Txapelketan. Araban izango da, Lezeako zelaietan, Zabalgune parkean, larunbatean, 18:00etan hasita. Bi segalariekin batera, Jexux Goenaga eta Igor Esnaola ariko dira lehian, ordubeteko saioan.
Zizurkilgo Areta baserrian, berriz, Emakumezkoen Euskal Herriko Sega Txapelketa jokatuko dute igandean, hilaren 21ean. 20 minutuko lana egin beharko dute Alatzne Etxaburua zizurkildarrak, Irati Astondoak eta Arrate Garinek. Estreinakoz jokatuko dute emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketa.
Sailkapena
Emakumezkoak
Ainara Otamendi 4:57
Alatzne Etxaburua 4:58
Alaitz Imaz 5:31
Ainhoa Galarraga 8:47
Gizonezkoak
Juan Joxe Lizaso 2:56
Bixente Mitxelena 3:12
Jokin Garmendia 3:30
Mikel Alkorta 4:30
Oier Urkola 4:40
Julen Gabirondo 4:46
Joakin Garmendia 5:02
Peio Argaia 5:41
Mikel Arsuaga 5:51
Andoni Dorronsoro 6:07
Garikoitz Etxeberria 6:13
Iban Pardo 6:13
Unai Iraola 7:22