Eguzkia da igerilekuen erabiltzailerik onena

Ataria 2013ko uztailaren 10a

Tolosaldeko eta Leitzaldeko hiru igerilekuetara jendea hurbiltzen hasi da, bezerorik onena bete betean ari baita lanean. Eguzkiaren presentzia nabaria izan da Asteasu, Leitza eta Tolosan, igerilekuek gorakada itzela izan baitute azken egun hauetan. Iraila bitarte iraungo du udako denboraldiak igerilekuetan, eta zazpi egunetan zehar egongo dira zabalik.

Asteasun 11:00etatik 20:00etara zabaltzen dute eremua, taberna eta igerilekuarekin. Zelaian aulkiak eta eguzkitakoak jartzeko parada eskaintzen du Asteasuko igerilekuak. Haur, gazte zein helduentzat egokitutako guneez gain, hidromasaiarako hiru txorrota eta guzti, bazkariak eta afariak zerbitzatzen dituzte bertako tabernan. Autoa uzteko ere ez dago inongo arazorik, ondoan aparkaleku handia baitago. Asteasuko igerilekuaren ezaugarrietako bat lasaitasuna da, eta hori ongi dakite Villabona edo Andoaindik gerturatzen direnek. Eguraldi ona hastearekin batera, jendearen emana nabarmena izan dela azaldu dute igerilekuko arduradunek.

Asteasun bezala, Leitzan ere denboraldia nahi baina beranduago hasi dela onartu dute, eguzkia tarteko. Hala eta guztiz ere, egun hauetan jende ugari dabilela diote Leitzatik, eta irailaren erdira bitarte, horrela jarraitzea espero dute.

Tolosan atzo adibidez, jendetza espero zuten, eta ondorioz, bazkideentzat eta abonatuentzat bakarrik zabaldu zuten igerilekuko sarrera. Aurreko bi herrietan bezala, zazpi egunetan zabaltzen dute Usabalgo kanpoko igerilekua, 10:00etatik 21:00etara. Hidromasaia, solarium-a, liburutegia wifi sistemarekin, haur parkea, uretako txorroak... eta abar daude igerilekuarekin batera Usabalen. «Topera» ibili direla onartzen dute igerilekuko langileek, eta eguraldiak modu horretan jarraituz gero, ziur egoera ez dela aldatuko. Udako denboraldia irailaren 20-23ra bitarte luzatuko dute Tolosako Usabalgo kanpoko igerilekuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!