Euskara ikasleei diru laguntzak emango dizkiete

Ataria 2013ko uztailaren 4a

Euskarazko ezagutza eta erabilera sustatzeko hainbat diru laguntza banatuko dituzte Anoeta, Irura eta Amasa-Villabonako udalek UEU eta EHUko udako ikastaroetan matrikulatu diren ikasleei, eta urte osoan euskaltegietan eta barnetegietan euskara ikasten ibili diren pertsonei.

UEU eta EHUko udako euskarazko ikastaroetara matrikulatu direnen kasuan, Anoeta eta Irurako udaletxeetan uztailaren 17ra bitarte izango dute zabalik eskariak aurkezteko epea. Eskaera orriaz gain, nortasun agiriaren fotokopia, lan egoera ziurtatzen duen agiria, kontu korrontearen jabea zarela ziurtatzen duen banketxeak sinatutako agiria, matrikularen ordainagiria, unibertsitateak emandako agiria eta Aldundiko zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzen dituen agiria aurkeztu beharko dira.

2012-2013 ikasturtean eta 2013ko udan euskara ikasiko dutenei ere beste diru laguntza mota bat zabaldu diete Irurako eta Anoetako udalek.

Bi eskaera mota egin daitezke: bata, ikasturte osoko ikastaroetarako; eta bestea ikasturte osokoak ez direnetarako. Lehenaren kasuan, anoetarrek eskaerak egiteko azken eguna azaroaren 9a izango da, eta iruratarrek urriaren 31n. Ikasturte osokoak ez diren ikastaroetarako, berriz, matrikula egin eta gehienez ere 15 egunera aurkeztu beharko da eskaria.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa bera da bietan: eskabide orria, NAN fotokopia, banketxeko agiria, matrikularen ordainagiria, zerga betebeharren agiria, Lanbideko txostena lan egoeraren inguruan, eta euskaltegiak emandako ziurtagiria.

Amasa-Villabonan ere bai

Amasa-Villabonako Udalak ere diruz lagunduko ditu euskara ikasleak. Diru laguntza hauek eskatzeko epea bihar amaituko da, eta interesatuek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: NAN fotokopia, euskaltegiak emandako asistentziari buruzko agiria, matrikularen gastuari buruzko datuak, eta kontu baten 20 digituak. Informazio gehiago,  Euskara Zerbitzura joan edo 943693501 telefonora deitu daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!