Alegian elkartuko dira motozaleak, asteburu honetan

Ataria 2013ko uztailaren 4a

Ibarrako Langostino Moto elkarteak bere urteroko hitzordu garrantzitsuena izango du asteburu honetan, Langostino Moto Festa, hain zuzen. Aldaketekin dator, gainera, izan ere, azken urteetan Ibarran egin badute, aurten Alegian kokatzea erabaki dute. Larunbatean eta igandean izango da festa, eta hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera izango da.

Larunbatean 15:00etan zabalduko dute izen emateko aukera, Route 33-n. 17:00etan show bike edo motoekin jolasak izango dira, eta 19:00etan ibilaldia egingo dute motoz, Anoetako Cheyennen geldialdia eginez. 21:30ean afaria izango da Route 33-n, eta gauerditik aurrera kontzertuak Alegiako plazan. Lehendabizi Starblues taldea ariko da, eta ondoren, Boxer taldea, eta tartean, urtero moduan, show erotiko mixtoa izango da ikusgai.

Igandean, berriz, 10:30ean abiatuko dira ibilaldi bat egitera, Mutiloan geldialdia eginez, eta Alegiara itzultzen direnean, 13:00ak aldera poteoa egingo dute herrian. 14:15ean bazkaltzeko elkartuko dira denak Route 33-n, eta sarien banaketa ere egingo dute. Azken ekitaldi horrekin emango diote amaiera XI. Langostino  Moto Festari.

Bestalde, gaua bertan pasako dutenentzat Alegiako Udalak kiroldegia utzi die antolatzaileei, eta bi egunetan zehar motorren osagaiekin standak ere izango dira motozaleen eskura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!