Herriartekoaren finalera joateko eskatu diete tolosarrei

Tolosaldeko Ataria 2013ko uzt. 3a, 11:23

Gipuzkoako Herriarteko Esku Pilota Txapelketaren finala igande honetan jokatuko da Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Eskualdeko talde bat egongo da azken lehia honetan, izan ere, Tolosak orain arteko aurkari guztiak gainditu ditu. Gauza bera egin duena Oiartzun izan da, eta ondorioz, bi herrien artean erabakiko da Gipuzkoako txapelduna nor den.

Finalak 10:30ean hasiko dira, eta kantxara irteten lehenak kadeteak izango dira. Tolosarren aldetik, Egiguren-Peña. Ondoren, jubenilen txanda iritsiko da, Mujika-Beloki bikoteak ordezkatuko ditu tolosarrak. Azkenik, finaleko hirugarren partida seniorrek jokatuko dute, Mujikak eta Errazkinek, hain zuzen ere.

Pilotariak gogoarekin aurkitzen dira finalerako, eta fisikoki ongi daudela aitortu dute. Horrez gain, tolosarrei deialdi zuzena egin nahi izan die, finalera joan daitezen eskatuz.

Gipuzkoako herri arteko txapelketa maiatzaren 12an hasi zen. Finala uztailaren 7an jokatuko da, eta ibilbide horretan, Tolosak ondorengo taldeak gainditu ditu: Zumarraga, Berrobi, Hernani eta Bidegoian. Lorpen berezia da tolosarrentzat, izan ere, txapelketa honetako finalera azken aldiz 1975. urtean iritsi ziren.

Orduko hartan, aurkaria eta txapela irabazi zuena Azkoitia izan zen.

Autobusak dohainik

Igande honen garrantziaren jakitun, Tolosako Udalak bat egin du pilotarien ibiliarekin, eta bere ekarpena egiteko gogoz, autobusak antolatu ditu Donostiara joateko, ondoren, gainera, herri bazkaria antolatu du. Peio Etxabe Tolosako Kirol zinegotziak udalarentzat harro egoteko moduko lorpena dela esan du: «Txapelketa berezia da herriartekoa, herri moduan lehiatzen baitira pilotariak, taldean. Hiru bikotek defendatzen dute herria eta bakoitzak egiten duenak bestearengan eragina du. Denen artean lortu behar baitute aurrera egitea».

Finalean sei pilotari ariko dira lehian igandean, baina Etxabek horren atzean dauden guztien lana azpimarratu nahi izan du: «Lorpen honek erakusten du Tolosan pilotarako afizioa badagoela, eta horren erakusle da ere, egun Tolosako pilota eskolan 200 ikasle inguruk dihardutela. Halaber, ziurrenik, lorpen hau herriko gaztetxo horientzat eredugarri izango da, eta pilotan jolasten jarraitzeko arrazoi».

Udaleko Kirol zinegotziak herritarrei finalera joateko eskatu die, eta finalerako sarrerak, eta autobuserako nahiz bazkarirako txartelak Rakun, Orbelan eta Fronton kafetegian daudela esan du. Autobusak 09:30ak inguruan irtengo dira Tolosako Santa Klara paretik. Finala amaitu ondoren egingo dute itzulerako bidaia, izan ere, herri bazkaria egingo dute ondoren, Tolosan.

Atano III.an partidak ikusteko bi sarrera mota daude. Bata, gradarako, honek bost euro balio ditu eta bestea kantxarako, eta honek 10. Autobusa berriz, sarrera erosten dutenentzat, dohainik izango da. Bazkarirako tiketek berriz, 15 euro balioko dute eta aipatutako tokietan erosi ahal izango dira.

Herriartekoa

Uztailak 7, igandea

Txartelak eta sarrerak. Orbela, Raku eta Fronton kafetegian daude finalerako sarrerak salgai; autobuserako eta herri bazkarirako zerrendak.

Adunako X. Transernio pilota txapelketa gaur hasiko da

Adunako Txulobi pilota elkarteak antolatzen duen Transernio pilota txapelketa gaur hasiko da, 18:00etan. X. edizio honetan 39 bikote ariko dira lehian, lau mailatan banatuta. Benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak ikusteko aukera egongo da Adunako pilotalekuan. Finala abuztuaren 10ean jokatuko da, urtero bezala, Adunako jaien barruan.

Txapelketako lehen jardunaldian bi partida ikusteko aukera egongo da. Alde batetik, alebinen arteko lehian Andoaingo eta Altzoko bikoteak irtengo dira kantxara, eta ondoren, infantiletan, Asteasu eta Altzo lehiatuko dira.

Bigarren jardunaldia hilaren 6an, larunbatean jokatuko da. 10:00etan hasiko den pilota jaialdia bost partidek osatuko dute. Infantiletan, Zizurkil eta Bidegoiango ordezkariak egongo dira Adunako pilotalekuan. Igandean, hilaren 7an, beste bost partida ikusteko aukera egongo da. Hauek ere 10:00etan hasiko dira, eta eskualdekoei dagokienez, Alkiza, Asteasu, Zizurkil eta Bidegoiango pilotariak egongo dira bertan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!