Lizaso eta Alkorta bigarren eta hirugarren postuan

Ataria 2013ko ekainaren 28a

Gipuzkoa Sega Txapelketa irabazi du Igor Esnaola legorretarrak. Bere atzetik geratu dira Juan Joxe Lizaso eta Mikel Alkorta asteasuarrak, bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren. Herenegun jokatu zen Aian, 400 ikusle inguru bildu zituen finala.

Lau segalari aritu ziren txapelaren lehian finalean: Igor Esnaola, Juan Joxe Lizaso, Mikel Alkorta eta Mikel Garaialde. Bakoitzak zortzi sail zituen ebakitzeko, guztira, 1.700 metro, baina lauretako inork ez zuen lortu guztiak amaitzea. Ordubete igaro, eta epaileak saioa amaitzeko txistua jo zuenean Esnaola eta Lizaso soilik ari ziren zortzigarren sailean lanean. Beste biak artean, zazpigarrenean ari ziren.

Lizaso eta Esnaola ziren faborito nagusiak, eta saioaren hasieratik erakutsi zuten irabazteko aukera handienak beraiek zituztela. Esnaola legorretarrak proba hasi eta berehala hartu zuen aurrea, baina Lizaso gertu izan zuen. Lizasoren atzetik beste asteasuarra, Alkorta jarri zen, eta honen atzetik, Garaialde. Probaren amaierara arte horrela mantendu ziren.

Segalariek lana bukatu zutenean pisatzeko unea iritsi zen. Esnaolak 4.564 kilo bildu zituen; Lizasok 4.536 kilo; Alkortak 4.478 kilo; eta Garaialdek 4.120 kilo.

Gipuzkoako Txapelketaren ostean, Euskal Herrikoaren txanda izango da, eta hor ere izen berberak izango dira lanean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!