Tolosa eta Bidegoianek Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdiaren bigarren jardunaldia jokatuko dute, bihar, 18:30ean, Bidaniako frontoian. Norgehiagokan Tolosa aurretik doa, 2-1 irabazi baitzion Bidegoiani Beotibarren jokatutako neurketan. Pilota partidekin batera, pintxo potea egongo da, 2014an Bidania-Goiatzen ospatuko den Eskola Txikietako Festaren alde.
Bestalde, HITZA Pilota Txapelketa bigarren fasean sartu da. Benjamin A mailan gaur jokatuko dituzte partidak hiru herritan, Berastegin, Larraulen eta Albizturren. Hiruetan 19:00etan hasiko dira partidak. Benjamin B mailan gaur, Villabonan, 19:00etan jokatuko dira partidak, eta Tolosan, bihar, 10:30ean. Infantilen mailan Altzon jokatuko dituzte partidak, etzi, igandea, 10:00etan hasita. Kadete mailako pilotariak datorren asteartean, uztailak 2, jokatuko dituzte partidak, Bidegoianen, 19:00etan hasita.
Su-Berri Txapelketa
Irurako Ametsa trinketean jokatzen ari den Su-Berri Txapelketa amaierara iritsiko da asteburu honetan. Bihar, 15:30etatik aurrera, lehen mailako zein promozio mailako finalerdiak izango dira ikusgai. Finalak berriz, etzi jokatuko dira, 11:30ean hasita. Bi finalen artean, Lur-Lan baserriko produktuez osaturiko saski ederra zozketatuko da. Goi mailako partida ikusgarriak aurreikusten dira eta bertaratzeko asmoa dutenek Euskal Herriko emakume pilotari onenen jokoaz gozatzeko aukera izango dute.
Alegiako III. Pilota Txapelketa
Bigarren finalerdiak jokatuko dira, bihar, Alegiako III. Pilota Txapelketan. Jaialdia 19:30ean hasiko da eta lehenengo partidan kadeteak ariko dira, Iturbe-Salegi eta Oiarbide-Aizpuru elkarren aurka. Bigarrengoan nagusien txanda izango da eta bertan lehiatuko dira Artola-Tolosa eta Azpiri-Arratibel bikoteak. Finalak uztailaren 13an izango dira, 18:00etan hasita.
Hiru leitzarrak, sanferminetan
San Fermin Torneoan parte hartuko dute Leitzako hiru pilotari profesionalek. Jon Jaunarenari aukera eman diote onenen artean jokatzeko, eta atzelari moduan Zubieta izango du. Barriolak, bere aldetik, Irujo izango du bikotekide torneoan. Bengoetxeak Beginorekin batera jokatuko du.
Bestalde, egun Berrobin bizi den Patxi Ruiz pilotari ohiari omenaldia egingo dio Asegarcek San Fermin egunean, eguerdian.
Barriolak eta Bengoetxeak partida garrantzitsuak izango dituzte asteburuan ere, Nafarroako Lau t’erdiko Txapelketaren finalerdiak izango baitira jokoan. Bengoetxeak Olaizola II.aren aurka jokatuko du bihar, Mungian; Barriolak Irujoren aurka jokatuko du, etzi, Zarautzen.