Ibarrako Merkatarien elkartea Oskar Casadoren logoak identifikatuko du

Ataria 2013ko ekainaren 27a

Oskar Casadok eginiko lana erabiliko du aurrerantzean Ibarrako Merkatarien elkarteak bere irudi moduan. Izan ere, ibartarra izan da merkatarien elkarteak Ibarrako Udalarekin eta Tolosaldea Garatzenekin batera bultzatutako logotipo lehiaketaren irabazlea.

Hiru elementu nabarmendu ditu Casadok bere lanean: «Koloreak erabili ditut poltsak irudikatzen dituzten ikono batzuetan. Poltsak guztiok lotzen ditugu merkataritzarekin, eta horregatik aproposa iruditu zitzaidan merkatarien elkartearentzat. Bestalde tipografia berezia erabili dut ‘merkatarien elkartea’ hitzei nolabaiteko seriotasuna emateko, eta ‘Ibarra’ hitza desberdintzeko beste tipografia bat erabili du, piperraren elementu sartuz».

Irabazleak 500 euro dirutan eta Ibarrako elkarteko bazkide diren dendetan erosketak egiteko 250 euroko txekea jaso ditu sari moduan.

Irabazlea aukeratu duen epaimahaia Ibarrako Udaleko Ingurumena, Nekazaritza eta Merkataritzako zinegotziak eta tekni-

kariak, Hauspoa elkarteko lehendakariak, Ibarrako Merkatarien elkarteko lehendakariak eta lehendakariordeak eta Tolosaldeko Merkataritza Dinamizatzeko bulegoko teknikariak osatu dute. Oso gustura azaldu dira, lehiaketa «oso arrakastatsua» izan delako. Batetik,  «uste baino lan gehiago» aurkeztu dituztela adierazi dute, eta bestetik, lanen kalitatea nabarmendu dute, «hausnarketa eta lanketa sakona» islatzen baitute. Horregatik, epaimahaiak azaldu duenez, «lan zaila» izan du irabazlea aukeratzerakoan. Bestalde parte hartu duten guztiak zoriondu dituzte, eta eskerrak eman dizkiete egin duten lanarengatik.

Herriko Merkataritza Biziberritzeko Planaren barruan agertzen den ondorioetako bat da elkartea identifikatzen zuen logoa zaharkitua zegoela, eta horregatik erabaki zuten lehiaketa bidez irudi berria aukeratzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!