Jokin Aranalderen askatasuna eskatu dute Ibarran

Ataria 2013ko ekainaren 25a

Jokin Aranalde iheslaria atzo eguerdian atxilotu zuen Frantziako poliziak Heletan, Nafarroa Beheran. Gaztelun jaio eta Ibarran bizi zen Aranalde, 2002an Iparraldera ihes egin zuen arte. Bertan, bizitza publikoa egiten zuen.

Aranalderen atxiloketaren berri jakin orduko, Ibarran elkarretaratzea antolatu zuten atzo arratsalderako. Bertan, 250 lagun inguru elkartu ziren Aranalderen askatasuna eskatzeko. Gaur eta bihar ere hainbat mobilizazio antolatu ditu Sortuk; udalak mozio bat onartuko du gaurko bilkuran.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzakide taldeko kidea zen 67 urteko gazteluarra. Ekainaren 15eko ekitaldiaren harira, hainbat elkarrizketa eskaini zituen Aranaldek, eta Espainiako hainbat egunkarik, bere aurka egin zuten. Ibarran bizi zen gazteluarraren aurka euroagindua zegoen indarrean, Espainiako barne ministroaren esanetan. Jokin Aranaldez gain, Beñat Atorrasagasti lesakarra atxilotu zuen atzo Frantziako poliziak Urruñan, Lapurdin.

Gazteluarra Frankismo garaian bi aldiz atxilotu zuten, 1967an eta 1968an. Ondoren, 2012an, berriro atxilotu zuten. 12.000 euroko fidantzapean askatu zuten azken atxiloaldi honetatik; aurrekoetan bezala, oraingoan ere torturatua izan zela salatu zuen Aranaldek.

Mobilizazioak

Gaur, hilak 25

19:00. Udaletxean udalbatzaren ohiko bilkura. Bertan, Jokin Aranalderen atxiloketaren inguruko mozioa eztabaidatuko da.

19:30. Prentsaurrekoa eta elkarretaratzea Ibarrako plazan.

Bihar, hilak 26

19:30. Eskualdeko manifestazioa Ibarrako plazatik abiatuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!