Tolosan iragan asteburuan ekitaldi ugari izan ziren San Joan jaiak gertu direla iragarriz. Bada, ez da Tolosa sanjoanak ospatzen dituzten eskualdeko herri bakarra. Abaltzisketan eta Belauntzan bihartik astelehenera bitarte hamaika ekitaldi izango dituzte herritarrek, jan-edanak eta musikak hutsik egin gabe.
Abaltzisketaren kasuan, bihar gauean barrikotearekin ekingo diete jaiei. Norberak eman beharko du jatekoa, eta afalostean Kupela taldearen kontzertuaz gozatu ahalko dute. Etzi goizean umeentzat jolasak jarriko dituzte, eta gauean, sagardo aukera zabala jarriko dute. Kasu honetan ere, afaria norberak eman beharko du. Afalostean trikiti doinuak izango dira berriro, Unsain anaiekin.
Igandean, berriz, kirol jarduerak izango dira. Goizean futbol partida izango da, eta arratsaldean, zaldi lasterketa eta herritarren arteko jokoak. Ondoren, dantza saioa eskainiko dute herriko gazteek, eta gauean dantzaldia izango da. Astelehenean, trikitixa, hamaiketakoa eta toka izango da goizean, eta arratsaldeko pilota partiden ostean, afaria izango da. Festak amaitzeko bertso saioa eta trikiti doinuak izango dira.
Belauntzan, bestalde, mus txapelketa jokatuko dute bihar, eta etzi, Igeldoko Lezkarri ganbera abesbatza izango da elizan emanaldia eskainiz. Ondoren, afalaurretik, urdaiazpikoa eta sagardoa dastatu ahalko da, eta afalostean erromeria izango da.
Igandean, jolasak izango dira goizean, eta arratsaldean, pilota partidak. Iluntzean, berriz, tortilla eta pintxo lehiaketan neurtuko dira belauntzarrak, eta dantzan aritzeko aukera ere izango da. Suarekin batera jan-edana izango da. Astelehenean, berriz, hamaiketakoaren ondoren, marrazki lehiaketa egingo dute goizean, eta arratsaldean pilota eta toka izango dira. Saiheskia eta sagardoa dastatuz, trikiti doinuekin amaituko dituzte jaiak.
Egitarauak
Abaltzisketa
EKAINAK 21, OSTIRALA
21:00. Barrikotea herriko plazan (afaria norberak eramanda).
Ondoren. Erromeria Kupela taldearekin.
EKAINAK 22, LARUNBATA
10:00. Ume jolasak (ohe elastikoak, apar festa…).
15:30. XI. Mus Txapelketa.
21:00. Sagardo dastaketa herriko plazan (afaria norberak eramanda): Larrarte, Isastegi, Rufino, Etxeberria, Zalbide, Begiristain, Sarasola, Aburuza, Zabala, Urbitarte, Itsasburu.
Ondoren. Erromeria Unsain anaiekin.
EKAINAK 23, IGANDEA
10:30. Futbol partida.
18:00. Zaldi lasterketa Amezketatik Abaltzisketara.
Ondoren. Herritarren arteko jokoak.
21:00. San Joan dantza eta soka dantza, herriko gaztetxoen eskutik.
Jarraian. Dantzaldia, Gugaz taldearekin.
EKAINAK 24, ASTELEHENA
11:00. Meza nagusia.
Ondoren. Herriko gazteen trikitixa emanaldia.
Bitartean. Jubilatuentzako hamaiketakoa.
13:00. IX. Toka Txapelketa.
18:00. Pilota partidak: Gaztetxoak: Eneko Gorostidi-Beñat Gorostidi Ugaitz Mujika-Ander Balerdiren aurka. Gazteak:
Julen Otamendi-Joseba Gallurralde Axier Alonso-Egoitz Gorostidiren aurka.
21:00. Herri afaria (postrea herriak jarriko du).
Ondoren. Kafea hartu bitartean, Mikel Artola eta Unai Mendizabal bertsolariak.
Jarraian. Festei amaiera emateko, erromeria Elustondo anai-arrebekin.
Belauntza
EKAINAK 21, OSTIRALA
22:30. Mus txapelketa Martintxo elkartean.
EKAINAK 22, LARUNBATA
18:30. Igeldoko Lezkarri ganbera abesbatzaren kontzertua San Joan elizan.
Ondoren. Urdaiazpiko mozketa eta dastaketa Iñaki Barriolaren eskutik.
Arratsaldean. Bereziartuaren sagardoa txiritik egongo da.
21:00. Herri afaria Gorka eta Leirek alaitutako erromeriarekin.
EKAINAK 23, IGANDEA
Egun osoan. Umeen jolasak: puzgarriak, aparra eta abar.
11:00. Meza.
12:30. Umeentzat eltxetxo hausketa.
14:30. Umeentzat bazkaria gurasoen laguntzarekin.
17:30. Ume eta gaztetxoen pilota partidak.
19:30. Etxean egindako tortilla eta pintxo lehiaketa.
Tartean. Dantza latindarrak, jendea dantzara animatzeko.
21:00. Sua piztea, kanpai jotzea eta suziriak.
Jarraian. Pintxo, tortilla eta norberak ekartzen dituen mokadutxoekin afari merienda, eliza ondoko mahaietan. Udalak Bereziartuaren sagardoa txiritik jarriko du guztientzat.
EKAINAK 24, ASTELEHENA
Egun osoan. Umeen jolasak: puzgarriak, aparra eta abar.
09:00. Txistulariak, suziriak eta kanpai jotzea.
11:00. Meza nagusia.
Ondoren. Hamaiketakoa Zeberio eta Mañukorta bertsolariekin.
12:00. Marrazki lehiaketa.
17:30. Etorkizuneko eta profesional ohien arteko pelota partidak.
Ondoren. Toka txapelketa.
Arratsaldean. Zeraingo Oiharteren sagardoa txiritik egongo da.
20:30. Saiheski jatea herrikoentzat plaza inguruan, Pagadiren soinuarekin alaituta, festei bukaera emateko.