Katiuskako errege-erreginak

Ataria 2013ko ekainaren 19a

Duela urte t’erdiko Ostegun Gizen batean hasi zen guztia. Iluntzean. Bonberenea Txaranga Euskal Herri plazako arkupeetan ari zen jotzen. Dantzan zebilen jendea, eta bat batean, elkar ezagutzen zuten bi lagunek topo egin eta aspaldian buruan bueltaka zuten ideiari forma ematen hasi ziren.

Maitasun istorio baten hasiera badirudi ere, umorez eta algaraz betetako laguntasun baten hasieraz —edo jarraipenaz— ari gara.

«Euskarazko antzerki talde bat egin behar dugu» esan zion batak besteari. Taldea osatzean deitzeko erantzun zion hark. Ibarrako festetan berriz ere elkartu ziren. Eta horrela, iraila hasieran, telefono dei bat jaso zuen Idoia Gereñu, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko kideak. «Lau lagun bildu gara, Idoia». «Ea besteren bat animatzen den». Esan eta egin. Lautik seira, eta ondoren hamarrera. Eta konturatzerako, antzerki taldea martxan hasi zen.

Astelehen arratsaldetan hasi ziren biltzen. Urritik abendura bitarte antzerki tailerra izan zuten, ondo antzezten ikasteko. Gereñu izan zen arduradun.

Baina taldeak bazuen zerbaiten falta: izenarena. «Etxekolan modura hurrengo saiorako proposamenez betetako lista ekartzea erabaki genuen. Batek bakarrik egin zituen lanak», dio Gereñuk.

Lista horren egilea Ander Malbadi albizturtarra izan zen. Hark eramandako zerrendatik bat bera ere ez zuten aukeratu, eta horregatik dio, umoretsu, «bigarren izen hoberena» aukeratu zutela taldearentzat.

Edurne Izagirre tolosarra izan zen izena jartzen asmatu zuena. Halako batean, inprobisatuz, «katiuska!» hitza bota zuen, eta bozketan garaile izan zen. Katiuska antzerki taldea ofizialki sortu zen.

Ostegunean, estreinua

Ostegun Gizen egun hartan sortu, San Bartolome jaietan berretsi, irailean indartu, eta Katiuska hitzaren asmakuntzarekin hasi zen taldeak, bihar emango du argitara bere lehen lana. Tolosako Bonberenean Katiusken erreinua izeneko antzezlana eskainiko dute 20:30etatik aurrera.

Sormen propioko obra da Katiusken Erreinua. Abenduan, inuzente egunaren bezperan bildu ziren brainstorming bat egiteko Deban. Inuzente egunera arte luzatu omen zen. «Bezpera zaleak» direla aitortzeko ez dute arazorik.

Taldearen izenari erreparatu zioten antzezlana sortzeko. Katiuskek elementu gisa dituzten balio ezberdinak gogora ekarriko dituzten hamar sketch sortu dituzte, bata bestearengandik independenteak, baina era berean, lotura bat badutenak.

«Gauza irreala da, magikoa, eta zati bakoitzak pentsatzera behartuko du ikuslea» dio Txoan Ormazabal partaideak. Xabi Gomezek antzezlana astez aste aldatu egin dela dio. «Abenduan erabakitakoak eta egingo dugunak aldaketa asko izan ditu. Azken batean, ikasi ahala, garatu egin da».

Testuak bakarrik ez, musika ere propioa izango dute. David Azurzak espreski konposatutako doinuak joko dituzte, Azurza bera, Ion Arruebarrena, Antton Telleria eta Unai Artolaren laguntzaz. «Sekulako lana egin dute denek» dio taldearen zuzendariak. «Jendeak gozatuko duelakoan nago. Talde amateurra dela kontuan izan behar da, baina hori ez da txarra denaren esanahia. Badu bere xarma».

Talde giro ezinhobea

Oholtza gainean ondo moldatzen dira. Baina hortik kanpo, are hobeto. «Sekulako talde giroa sortu da, eta hori garrantzitsua da. Antzerkia talde lana da, eta erlazio pertsonalak batzean nabaritu egiten da» azaldu du Gereñuk. «Oso ondo pasatzen dugu, eta deskonexio bat da guretzat», diote partaideek.

Euskal Herriko txoko asko bisitatu dituzte antzezlanak ikusiz, ikasteko. Parrandaren bat edo beste ere egin izan dute. «Parrandan sortu zen Katiuska, eta horrela jarraituko du». Beraz, gurasoak lasai egon daitezela, «euskal kulturgintza biziberritzeko, euskaraz antzezteko eta denon gozamenerako lanean» aritzen baitira ordu txiki horietan. Lan horretan jarraitzeko asmoa eta gogoa dute eta horretara animatzen dituzte besteak.

Katiuska taldea

Obra. Katiusken erreinua.

Formatua. 10 sketch labur.

Zuzendaria. Idoia Gereñu.

Partaideak. Izaskun Artola, Idoia Bengoetxea, Miren Garikano, Olatz Godoy, Xabi Gomez, Edurne Izagirre, Miguel Legarra, Ander Malbadi, Txoan Ormazabal eta Anne Urretabizkaia.

Musikariak. David Azurza (konposatzailea eta teklatua), Ion Arruebarrena (saxofoia), Antton Telleria (perkusioa) eta Unai Artola (bibolina).

Eguna. Osteguna, hilak 20.

Ordua. 20:30.

Lekua. Bonberenea (Tolosa).

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!