Maxurrenea herriari itzultzeko sinadurak lapurtu dituzte

Ataria 2013ko ekainaren 19a

Maxurrenea Herrintzat plataformak salatu duenez, Leitzako tabernetan eta dendetan Maxurrenea herriari itzultzea eskatzeko sinadura bilketa orriak lapurtu egin dituzte. Adierazi dutenez, iragan astean izan zutena kontuan hartuta, astebetean jasan duten bigarren «erasoa» litzateke.

Plataformak aste honetan bertan eman behar zion amaiera sinadura bilketa kanpainari, eta horregatik tabernetan eta dendetan utzitako orriak biltzeari ekin diotenean konturatu dira hainbatetan orriak falta direla. Adierazi dutenez, ezin izan dute jakin sinadura kopuru zehatza, baina galdutakoak 80-100 artean izan daitezkeela uste dute. Horregatik, leitzarrei eskaera sinatu zuten dendan edo tabernan galdetu eta beharrezkoa balitz berriz sinatzea eskatzen diete.

Beste hainbat eragileenak bezala, Maxurrenea Herrintzat plataformak etxea herriari itzul diezaioten eskatuz eskegi ziren pankartak txikituta azaldu ziren aurreko astean. Ondorioz, plataformari denbora gutxian egin dioten bigarren «erasoa» dela salatu dute.  Herri plataformaren aurkako «boikot eta sabotajea» direla azaldu dute, eta herri borondatea errespeta dezaten eskatu dute plataformako kideek. «Leitzarren borondatearen aurkako erasoak direla uste dugu, bai pankartak apurtu izan zein sinadurak lapurtzea. Aski da! Eta horrelako ekintzak burutzen dituztenei gonbidapena egiten diegu beraien aldarrikapenak aurpegia emanez egin ditzaten, gainontzekoena zapaldu gabe, eta eskatzen diegu besteok leitzarren nahiei bide ematen egiten dugun lana oztopa ez dezaten», esan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!