Anoetan, Alegian, Iruran eta Zizurkilen atez ateko hondakin bilketa atzo jarri zuten martxan, eta bilketa datuak «irauli» nahi dituzte. Ohikoak ziren eta herri horietan ezohiko bilakatuko diren azken edukiontziak, atzo erretiratu zituzten kaleetatik.
Alegian, guzti hori islatzeko ekitaldi sinbolikoa egin zuten, eta bertan, Unai Iraola alkatea, Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkaria eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua egon ziren. Hainbat herritarrek ere ekitaldian parte hartu zuten, lehen edukiontziak zintzilikarioetan jarriz. Hain zuzen ere, Unai Iraolaren lehen hitzak alegiarrei zuzenduak izan ziren, eskerrak emanaz: «Legealdi hasieratik hainbat lan egin da herrian gai honen inguruan, eta oso pozik gaude eguna iritsi delako; birziklapenaren inguruan emaitzarik onenak atez atekoak ematen ditu, eta herritarren laguntzarekin, bilketa sistema horren aldeko apustua egin dugu». Iraolak argi utzi nahi izan zuen erabakiaren atzean hilabeteetako lana zegoela: «Parte hartze prozesuetan herritar ugarik hartu dute parte, borondate onez, eta horrek konfiantza ematen digu; %25 biltzetik %80ra iristea espero dugu».
Atez ateko sistema garatzen joango den prozesu bat izango dela esan du Iraolak, izan ere, sei hilabete barru parte hartze prozesu berri bati ekingo diote, «herritarren balorazioa, ekarpenak eta hobekuntzak jasotzeko».
Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkariak Alegia, Anoeta, Irura eta Zizurkil zoriondu ditu bere aldetik. Bilketa sistema berriarekin birziklatze tasak irauli egingo direla iragarri zuen Azkuek, eta eskerrak eman zizkien, mankomunitatearen izenean, lau herrietako udal ordezkariei eta hondakinen inguruan lanean aritu diren herritarrei.
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak Amaia Azkueren ildotik jarraitu zuen eskerrak ematerako unean: «Gipuzkoa berria sortzeko bide horretan, Tolosaldeko lau herri hauek ematen duten urratsa, benetan jauzi garrantzitsua da; birziklatzearen inguruko beste aurrerapauso bat da».
Iñaki Errazkinek bi datu azpimarratu nahi izan zituen: «Alde batetik, organikoen bilketaz hitz egiten dugu lehen aldiz, eta hori, gure etxeetan sortzen den hondakinen %40az hitz egitea da. Hor eragin nahi dugu gaikako bilketa sistemarekin, eta emaitza oso txukunak lortzeko aukera emango digu horrek. Orain arte ezer gutxi egin da hondakin organikoarekin, baina azken urteetan lan handia egin da. Gipuzkoak %60 birziklatzeko helburu horretan, organikoetan eragina izatea oso garrantzitsua da».
Errazkinen esanetan, Tolosaldean urrats handi bat emango da arlo horretan. Ingurumen ikuspegiarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak sistema berriak sortzen dituen lanpostuak azpimarratu zituen, krisi garaian, bide horretan ematen diren urrats guztiek duten garrantzia azpimarratuz. Errazkinek gogora ekarri zuenez, Alegia, Anoeta, Irura eta Zizurkilekin, Gipuzkoan hamahiru herritan jasotzen dituzte hondakinak atez ateko bilketa sistemarekin.
Herri galdeketak
Asteburu honetarako bilketa sistemaren inguruko herri galdeketa antolatu du Zizurkilen Tolosaldeko atez atekoaren aurkako plataformak. Hilaren 28an eta 29an, Anoetan, Iruran, eta Amasa-Villabonan galdeketak egiteko asmoa du.