Tolosaldeko Zero Zabor taldeak bat egin du Birziklatzeari bai! Errausketarik ez! Ez hemen, ez inon! leloarekin larunbatean Donostian egingo den manifestazioarekin. Mobilizazioa 17:30ean aterako da Boulebarretik, eta eskualdeko herritarrak bertara gonbidatu dituzte.
Bestalde, Ibarrako Zero Zabor taldeak, Gipuzkoakoak argitaratu duen oharra zabaldu du. Alde batetik, «Gipuzkoak presio politiko elektoralisten eta elite baten interes ekonomikoen biktima izaten» ezin duela segi diote, eta ausardiaz eta arduraz jokatu duten politikoak zoriondu dituzte. Bestetik, gogor kritikatzen da atez atekoa jarri ez, eta «kea saltzen» ari omen diren politikoen jarrera: «Kezkagarria da zenbait herritako politikariek irtenbideari muzin nola egiten dioten ikustea. %60-80 gaika biltzea adostu, eta akordioan zehaztutako gauza bakarra, helburu hori erdiestea bermatzen duela erakutsi duen bilketa sistema bakarra baztertzea izan baita». Zero zabor norabidean «pausu okerrak» ematen dituztenak salatzen jarraituko dutela azaldu dute zero zabor taldetik. Azkenik, atez atekoa, eraginkorra, erosoa, garbia eta merkeagoa dela aldarrikatu dute.