Euria izan da asteburuko protagonistetako bat, azken asteetakoa bezala. Ekitaldiak burutzeko traba izan den arren, euriari aurre eginez manifestazioak, dantza emanaldiak nahiz mendi ibilaldiak... guztiak egin dituzte.
Leitzan, esaterako, 300 lagun inguru elkartu ziren larunbat eguerdian Maxurrenea herriari itzultzea eskatzeko manifestazioan. Festa giroa eta aldarrikapena elkartu ziren bertan. Herriari itzulia egin zieten Guardia Zibilaren begiradapean, eta Maxurrenearen eta guardia zibilen aldamenetik igaro ostean herriko
plazara itzuli ziren. Bertan, Maxurrenea Herrintzat plataformako kideek Nafarroako parlamentuan laster egingo duten agerraldiaren berri ematearekin batera, herritarrak gonbidatu zituzten sinatzera eta udalak antolaturiko Maxurreneari buruzko parte hartze prozesuan eta egingo diren gainerako ekimenetan parte hartzera. Arratsaldean, berriz, Sagardo Eguna izan zuten Leitzan, Kultur Aroari amaiera emanez.
Aldarrikapena eta jai giroa uztartu ziren, baita ere, Ernaik antolatuta larunbatean ospatu zuten Independentzia Egunean. Bideo emanaldia eta hitzaldia izan zituzten goizean, eta ondoren, 80 lagun inguru elkartu ziren plaza Berrian bazkaltzeko. Bazkariaren ostean, giro polita izan zen herrien arteko olinpiadetan, eta festak kalejirarekin, zahagiardoarekin, eta gaueko kontzertuekin jarraitu zuen.
Aldarrikapenak izan ziren, baita ere, Tolosan ostiralean. Izan ere, Israelek Jerusalem okupatu zuela 45 urte betetzen zirenez, Jerusalementzat askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek Litaarafu elkartean.
Euriaren erruz, bestalde, larunbateko Alurr Eguneko emanaldiak Ibarrako kiroldegian lekutu zituzten, baina, hala ere, jende ugari gerturatu zen Alurreko dantzarien saioaz gozatzera. Goizean, gaztetxoenak aritu ziren, eta elkarrekin bazkaldu eta gero gazteen txanda izan zen.
Aresoarrak, berriz, mendi ibilaldia egiteko baliatu zuten larunbata. 16 lagunez osaturiko taldeak egin zuen Aresotik Goizuetarako bidea, 5 ordu inguruan. Parte hartzaileek «oso gustura» egin zuten bidea, eta Goizuetara iristean bazkari ederra egin zuten.
Bestalde, herenegungoari dagokionez, aspaldiko ohitura berreskuratuz, Langaurre Eguna ospatu zuten Alegian. Jende ugari eta giro polita izan zen pilotalekuan. Garai bateko antolatzaileei omenalditxoa ere egin zieten.
Tolosan, berriz, Napoleonen tropek eta ingelesek Tolosan borroka egin zuteneko unea gogoratu zuten, 200. urteurrenaren harira. Andia kultur elkarteak antolatuta, hirugarrenez egin dute alardea. 120 soldadu inguruk hartu zuten parte.