303 kiloko harriarekin ahalegina egingo du Inaxio Perurenak

Ataria 2013ko ekainaren 7a

Inaxio Perurena harri-jasotzaile leitzarrak marka saiakera berria egingo du etzi, Leitzako Amazabal pilotalekuan, 13:00etan. 303 kiloko harria altxatzen saiatuko da.

Perurenak azaldu duenez, gorabehera ugarirekin izan da otsailaz geroztik, «txakalaldi» modukoa izan du, baina buelta ematea lortu du, eta «gogotsu» dago erronka berriaren aurrean. Gaur eta bihar «deskantsu aktiboa» egiteko baliatuko du, eta iganderako prest egotea espero du 303koa altxatzeko. Urduritasuna izan ohi da bere punturik ahulena, baina horri aurre egiten saiatuko dela, eta «sinetsita» dagoela adierazi du.

Bestalde, etziko jaialdian Inaxio Perurenaren marka ahaleginaz gain, Jon Rekondo eta Jon Irazu aizkolarien norgehiagoka ere izango da ikusgai, eta Joseba Ostoloza eta Isaak Martinez harri-jasotzaileen saioak izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!