Oraindik argitu gabe zegoela elkartu ziren Tolosaldeko grebalari talde informatzaileko kideak Tolosako Usabal kiroldegiaren aparkalekuan. Ehun pertsona inguru bildu ziren, eta Ertzaintzaren furgoneta bat ere ordurako bertan zegoen. Goizean zehar egindako ibilbide guztian, lantegietan zein Tolosako herrigunean, ondoan izan zituzten ertzainak. Piketeek ez zuten lan handirik izan, orokorrean itxita baitzeuden lantegiak eta komertzioak.
Lehenengo geldialdia Zizurkilgo Oria paper fabrikan egin zuten. Piketeek paper fabrikako langileei grebarekin bat egiteko eskatu zieten, eta paperaren sektoreko lan hitzarmena greba deialdi baten ondorioz lortu dela aurpegiratu zien. Hurrengo geldialdiak Villabonako Laga Grafikak eta Anoetako Orbinox lantegietan izan ziren, eta hauetan ere greba egiteko eskatu zieten. Langile guztiak ez zeudela eta, beraz, beste batzarrik ez zutela egingo izan da enpresa horietan zeuden langileen erantzuna. Orbinoxen kasuan, langileen ordez Ertzaintzak eman zieten horren berri grebalari taldekoei.
Piketeentzat beste hitzordu garrantzitsua herriguneak nola esnatzen ziren ikustea izan zen. Horretarako, Tolosako Trianguloa plazan elkartu ziren. Banketxe guztiak itxita zeuden, Santander ezik. Bertan izan zen grebalari taldea, eta langileek batzarra egin ondoren, ixtea erabaki zuten. Komertzio txikiak itxita zeuden eta supermerkatuetara joan ziren piketeak. Hala, Eroski supermerkatua irekita topatu zuten eta grebarekin bat egiteko eskatu zieten langileei, eta hauek horrela egitea erabaki zuten. Bestalde, BM Supermerkatuan izan ziren ere grebalari taldekoak, eta barruan langileak bazeuden ere, sarrera itxita zegoen.
Tentsio uneak ere izan ziren Ertzaintzarekin: grebalari taldeko kide bati kutxazainetan jartzeko prestatutako pegatinak eskatu zizkioten ertzainek. Grebalariek bakean uzteko eskatu zieten, eta eztabaida izan ondoren, aurrera jarraitu zuten. Lanbide enplegu zerbitzuko langileen eta grebalari taldekoen artean ere eztabaidak izan ziren greba egitearen inguruan.