Finalean sartzeko Oinatz Bengoetxeak Juan Martinez Irujo gainditu beharko du

Ataria 2013ko maiatzaren 31

Buruz Buruko Pilota Txapelketa finalerdiak erabakita daude, eta etzi Oinatz Bengoetxea eta Juan Martinez Irujoren txanda izango da. Donostiako Atono III. pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak, eta 22ra iristea lortzen duenak finalera txartela eskuratuko du.

Leitzarrak, 105,5 eta 105,8 gramoko pilotak aukeratu zituen asteazkenean egindako material aukeraketan, eta iberokoak aldiz, 103,5 eta 104,2koak. Partidako irabazleak, Olaizola II.a eta Urrutikoetxearen partidaren zain egon beharko du aurkaria zein izango duen jakiteko.

Maila nagusiko txapelketaz gain, bada pilota txapelketarik eta Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan, eskualdeko pilotariak buru-belarri ariko dira.  Alde batetik, gaur, Alegia eta Bidegoianek, azken hauen pilotalekuan jokatuko dituzte partidak 19:30ean hasita, eta garai berean, Tolosa eta Berrobiren artekoak izango dira, Berrobin. Amezketak aldiz Hernanin jokatu beharko du igandean, eta 10:45ean hasiko dituzte partidak. Beste multzoan, gaur, Zizurkilek Bergarari egin beharko dio aurre etxetik kanpo, 19:30ean hasita.

Zesta putan, berriz, Tolosak Zumaian jokatu beharko du, gaur, 18:30ean hasita.

I. Ogi Berri Txapelketa

Tolosako Beotibar pilotalekuak Migel Soroaren Oroimenezko I. Ogi Berri Txapelketaren kanporaketa hartuko du, bihar. Hiru partida izango dira jokoan, eta 16:30ean emango zaio hasiera. Lehen partida, kadeteen mailakoa izango da eta Peña-Martija bikoteak Okiñena-Martinez bikoaren aurka jokatu beharko du. Jubenil mailako partida, Agirre-Telletxea eta Ansotegi-Lasa bikoteen artean jokatuko da, eta etorkizuneko pilotarien artean, Dario-Sarasa eta Larunbe-X. Imaz bikotean artekoa izango da lehia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!