'Emakume baserritarren begiradak' erakusketaren aurkezpena, Leitzako udaletxean.
XXXVI. Kultur Aroaren bigarren asteak asteburu betea dakar. Batetik, La Jodedera taldearen eskutik Kubako eta Euskal Herriko musika tradizioen uztarketaz gozatu ahalko da, gaur gauerdian Torrean. Aurretik, 17:00etan, Erleta eskolako haurren dantza saioa izango da zinean.
Bihar, berriz, Atekabeltz herriguneko festa izango da. Hala, 11:30ean umeentzako jolasak eta serigrafia tailerra egingo dituzte; 14:30ean kubatar erako bazkaria izango da; 17:30ean Atekatik plazara herri jokoa egingo dute; 20:30ean, plazatik abiatuta bertso poteoa izango da Leitzako bertso eskolako kideekin, eta 23:30ean, kontzertuak. Atekabeltz Eguneko ekitaldiez gain, bihar, murrizketen aurkako lip dub-a grabatuko dute 16:45etik17:00etara bitarte, murrizketen aurkako plataformak deituta, eta jende ugarik parte hartzea espero dute. Halaber, Jeiki abesbatzaren eskutik, Munduko folklorea kontzertua izango da, 20:00etan karrapen.
Igandean, 56 mahai
Bestalde, etzi, igandean, XXXV. Eskulangintza azoka hartuko du Leitzako plazak, 11:00etatik aurrera. Elikagai nahiz artisautzako 56 mahai izango dira. Egurrarekin eginikoak, bitxiak, kristalezko materiala, txotxongiloak, kosmetika produktu naturalak, mermeladak, ogi ekologikoak... izango dira eskuragarri. Antolatzaileek azaldu bezala, garai batean postu gutxiago izaten ziren, baina azken urteetan gorakada nabaritu dute, eta aurten iazko kopuru antzekoa izango da, beraz, «gustura» daude. Hauetako gehienak Euskal Herriko txoko guztietatik etorritakoak dira.
Bestalde, datorren astean ere hamaika ekitaldi izango dira. Peritza tabernan bigarren urtez Mendia Kirola eta Abentura zinemaldiko saioak izango dira gauean, eta ekainaren 1ean Euskal Herriko Mendi Erronka proba izango da.