Abel Barriolak Oinatz Bengoetxearen ondoan egon nahi du finalerdietan

Tolosaldeko Ataria 2013ko mai. 24a, 10:22

Buruz Buruko Esku Pilota Txapelketaren final-laurdenetan arerio benetan gogorra edukiko du Abel Barriola leitzarrak: Aimar Olaizola iazko txapelduna. Partida Iruñeko Labrit frontoian jokatuko da bihar, 18:00etan (Nitro telebista katean zuzenean izango da ikusgai).

Olaizola II.aren eta Barriolaren arteko lehiaren irabazleak Urrutikoetxearen aurka jokatuko du finalerdietako partida, ekainaren 1ean, larunbata, Bilboko Bizkaia frontoian.

Bigarren finalerdia, Bengoetxea VI.aren eta Martinez Irujoren artekoa, ekainaren 2an jokatuko da Donostiako Atano II.a pilotalekuan.

Asteburu honetako partidaren harira, Berria egunkariak Abel Barriolari elkarrizketa egin dio, eta leitzarrak, beteranoen papera aldarrikatu nahi izan du. Aimar Olaizola beste maila batean dagoen pilotaria dela dio Barriolak, nahiz eta onartu, ezustekoa emateko gogotik ari dela lanean: «Kirolean beti daude ezustekoak, eta ilusio horrekin egiten dut lan».

Herriartekoa

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, esku pilotari dagokiona, final zortzirenetan dago. Joaneko partidak asteburu honetan jokatuko dira, eta eskualdeko sei herri lehian ariko dira. Txapelketa bi adarretan banatu dute, eta multzoko onenek euren artean jokatuko dute finala. Alde batetik, Zizurkil dago. Final zortzirenetan Bergararen aurka jokatzea egokitu zaie zizurkildarrei. Joaneko partidak etxean jokatuko dituzte, gaur, 17:30ean.

Beste adarrean aurkitzen dira gainontzeko herriak. Alegiak eta Bidegoianek elkarren aurka jokatuko dute. Joaneko norgehiagokak igandean jokatuko dira Alegian, 16:30ean hasita. Tolosa eta Berrobiren artekoa Beotibarren jokatuko da gaur, 20:00etatik aurrera. Amezketak, azkenik, etxean ekingo dio kanporaketari, gaur, 20:00etan. Aurkaria Hernani izango dute amezketarrek. Itzulerako partidak hurrengo asteburuan jokatuko dituzte herri guztiek.

Gipuzkoako Herriarteko Zesta Punta Txapelketari dagokionez, Tolosako pilotariek hirugarren jardunaldia jokatuko dute gaur, Donostiaren aurka. Zesta punta jaialdia Gipuzkoako hiriburuan izango da, Karmelo Balda pilotalekuan, 18:30ean.

I. Ogi Berri Txapelketa

Migel Soroaren Omenezko I. Ogi Berri Txapelketaren jardunaldi berria jokatuko da bihar, larunbata, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Hiru partida jokatuko dira 16:30etik aurrera. Kadeteetan, Errandonea-Mendia bikoteak Egiguren-Belokiren aurka jokatuko dute. Urte bikaina daraman Errandonea bertatik bertara ikusteko aukera egongo da lehia honetan. Egiguren tolosarrak ez dio erraz jarriko, sena handiko pilotaria dela erakutsi nahiko baitu.

Bigarren partida jubenilena izango da. Victor-Rezusta eta Artola-Peñas irtengo dira kantxara. Aurreko koadroetan lehia benetan ikusgarria aurreikusten da.

Hirugarren norgehiagoka etorkizuneko pilotariena izango da. Alde batetik, Iribarria-Erasun eta bestetik, Larrañaga-Aburuza. Irribarriaren ezker zoragarria; Erasunen joko segurua; Larrañagaren sendotasuna eta Aburuzaren gogortasuna izango dira lehia honetako osagaiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!