Txaramako jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan, hau da, gaur eta bihar. Gaur 21:00etan botako dute festen hasiera iragarriko duen suziria, eta ondoren barrikotea egingo dute.
Biharko, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute. 11:00etan, arku tiroa izango da, eta 12:00etan toka txapelketa; 13:00etan, berriz, pintxo dastatzea egingo dute, jateko eta edateko aukera izango delarik. Arratsaldean, herriko dantzari gazteen emanaldia izango da ikusgai, eta ondoren, umeentzako jolasak eta txokolatea prestatuko dituzte. 21:00etan auzotar guztiak herri afarian bilduko dira. Gaua girotzeko, berriz, Iker Zubeldia eta Jexux Mari Peñagarikano bertsolariak ariko dira, Joxe Ramon Aldasorok txisteak kontatuko ditu, eta herriko trikitilarien doinuak izango dira.