Hiru leitzar izango dira buruz buruko txapelketako final-laurdenetan: Jon Jaunarena, Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea. Lehenengo biek garaipena eskuratu zuten asteburuan, Bengoetxea berriz, datorren astetik aurrera sartuko da lehian.
Jaunarenak Jose Javier Zabaleta hartu zuen mendean igandean Eibarko Astelena pilotalekuan jokatutako partidan 22-12ko emaitzarekin. Leitzarra hasieratik aurreratu zen markagailuan, 9-3ko emaitzarekin. Erritmo bizia ezarri zuen, baina Zabaletak sakea errekuperatu eta asko sufritu zuen Jaunarenak. Horrela, hiru tantoko aldera gerturatu zen Etxarreneko atzelaria (11-8). Alde hori 14-11ko emaitzara bitartean mantendu zen. Hortik aurrera, Jaunarenak erakustaldia eskaini zuen, 21era segidan iritsi baitzen, norgehiagoka erabakita utziz. Azkenean, 22-12koarekin amaitu zen.
Final-laurdenetan, derbi leitzarra izango da, Oinatz Bengoetxea izango baitu arerio Jaunarenak. Partida Hendaiako pilotalekuan jokatuko da, larunbatean arratsaldeko seietan. Bestalde, Abel Barriolak gogor sufritu behar izan zuen Julen Retegi garaitzeko. 10-20 galtzen joan ondoren, zuzenean 22 tantora heldu zen, Retegik eskuineko eskuan min hartu zuela baliatuta. Partida oso pareko hasi zen. 8-7 aurreratu zen Barriola, eta une horretan, atseden hartu zuen Retegik. Parekotasunak 10-9 emaitzara bitarte iraun zuen. Orduan, hiru akats jarraian egin zituen Barriolak eta, konfiantza galdu zuen. Eratsungo aurrelariak hori baliatu eta 10-20ekoa ezarri zuen markagailuan. Garaipenak berea zirudien.
Barriolak, ordea, ez zuen etsi. Sakea errekuperatu zuenean, zabalean atera zuen, Retegik eskuineko eskuan mina zuela ikusita. Honek nekez erantzun ahal izan zien, eta gerturatu ahala, urduri jartzen hasi zen. Azkenean, 22raino joan zen zuzenean, Retegi aita-semeen atsekaberako, izan ere, Julian Retegik, ostikada batez zakarrontzia apurtu zuen partidako azken tantoa amaitzean.
Barriolari ordea, garesti atera zaio egin beharreko esfortzua, izan ere, eskuko minaren ondorioz, astebetez atzeratu behar izan du igandean Aimar Olaizolaren aurka jokatzekoa zen final-laurdenetako partida. Partida hori, maiatzaren 25ean jokatuko da.
Txapelketako beste bi final-laurdenak, Mikel Beroiz eta Juan Martinez Irujo, eta Mikel Urrutikoetxea eta Mikel Idoatek jokatuko dituzte.
Herri artekoan aurretik
Asteburu honetan hasi da Herriarteko Pilota Txapelketa eta eskuzko modalitatean aurre hartu dute Tolosa eta Alegiako taldeek. Tolosak bi partida irabazi eta bat galdu zituen Zumarragaren aurka han bertan jokatutako neurketan. Kadeteetan, Egiguren-Peña bikoteak 22-5 irabazi zuen; jubeniletan, Mujika-Beloki bikoteak 22-5 irabazi zuen, eta, nagusietan, Aristimuño-Errazkin bikoteak 21-22 galdu zuten. Datorren ostiralean Beotibarren jokatuko da itzulera. Alegiarrek ere bi partida irabazi eta bat galdu zuten Zestoaren aurka. Kadeteetan irabazi egin zuten alegiarrek, 19-22; jubeniletan galdu 22-1, eta nagusietan irabazi 5-22. Itzulerako neurketa Alegian jokatuko da asteburu honetan.
Zesta-puntako Tolosako taldea, ordea, atzetik da Zumaiaren aurka. Kadeteetan, Lekuona eta Legarrak osatutako bikoteak 30-20 galdu zuen. Jubeniletan, Ibañez eta Sukiak 35-12 galdu zuten, eta nagusietan, berriz, Lopez eta Izagirrek 16-35 irabazi zuten. Hurrengo jardunaldia, igandean jokatuko da Beotibarren, 11:00etan.
Final-laurdenak Beotibarren
I. Miguel Soroa txapelketako final laurdenen lehen jardunaldiak 200 pertsona bildu zituen Beotibar pilotalekuan. Nagusien mailan, Jaka eta Arratibel 22-14 gailendu ziren Bisintxo eta Perezen aurka. Etorkizunekoen mailan, 15-22ko emaitza izan zen Olano-Iruretagoiena eta Labaka-Agirre bikoteen artean. Kadeteetan, berriz, Bakaikoa etaUrdainpilletak 22-9 irabazi zieten Garate eta Belokiri.