Hezkuntza legea gaitzetsi dute hainbat ikastetxetan

Ataria 2013ko maiatzaren 9a

Lizartzako eskolan egin duten elkarretaratzea.

Espainiako Hezkuntza Ministerioak Wert ministroaren eskutik proposaturiko Hezkuntza Legea (LOMCE) gaur onartuko dutela ministroen kontseiluan aurreikusten da. Bada, lege horren aurkako jarrera adieraziz, ikastetxe ugariren ataritan, eskualdeko hainbat tartean, elkarretaratzeak egin zituzten atzo.

Alegian eta Lizartzan, esaterako, irakasleen, ikasleen eta gurasoen artean, 150 lagun inguru elkartu ziren protesta egiteko, LOMCEri ez! Guk gure eskola. Euskal eskola publikoa zioten kartelekin. Mezu horretaz gain, beste hainbat ere erakutsi zituzten, hala nola, Ez bereziketari! Ez eskola ordutegian erlijioa irakasteari! Ez parte hartu ez dezakegun hezkuntza sistemari! Ez euskara eta gure curriculuma gutxiesteari! eta Ez musika, plastika, hiritartasuneko hezkuntza, teknologia desagertzeari!.

Hezkuntza Legeak komunitate osoaren parte hartzea ez duela bermatzen azaldu dute, «inposizioan oinarritua» baitago. Bestalde, legea gaitzesteko beste arrazoia «ikasleen arteko bereizketa» bilatzen duela da. Era berean, euskal curriculuma gutxiesten duela adierazi dute. «Oinarrizko ikasgaietan, Hezkuntza Ministerioak erabakiko du edukien %100: ebaluazio irizpideak zein izango diren, gaitasunen lorpena edota ebaluaketa estandarrak, eskola komunitateak curriculuma eztabaidatu eta bere garapenean parte hartzeko duen eskubidea ukatuz», esan dute.

Alegiako eskolan egin duten protesta

Hezkuntza Legeak euskara ikasgaien azken mailan kokatzen duela ere gaitzetsi dute hezitzaileek, eta baita, eredu bakarrean oinarrituriko estatu mailako azterketak ezartzen dituela. Era berean, erlijioa eskola ordutegian txertatzera derrigortzea eta musika edo plastika moduko irakasgaiak desagertaraztea ere Hezkuntza Legea ez onartzeko arrazoi gisa azaldu dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!