Hezibi, ikasketak eta lana uztartuz

Ataria 2013ko maiatzaren 9a

Tolosaldea Goi-Mailako Lanbide Heziketa Institutuak 2013-2014 ikasturtean ere Hezibi proiektua martxan jarriko du;  matrikula egiten duten hamabi ikaslek ikasketak egiteaz gain, lan mundua ere ezagutuko dute urtebeteko kontratuarekin.

Tolosaldea Goi-Mailako Lanbide Heziketa Institutuak Hezibi proiektua martxan jarri du, aurten. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Hezibi proiektuaren bitartez, ikasleek ikasketak eta lana batera uztartzen dituzte. Prestakuntza jasotzen duten bitartean, lanagatik soldata jasotzea bideratzen du proiektu honek.

Gorka Igartuak, institutuko zuzendariak, proiektuaren helburu nagusiak zehaztu ditu: «Gazteak lan mundura sartzea bultzatu, enpresen behar laboralei aurre egitea, eta ikasleek lortu behar dituzten gaitasun tekniko nahiz zeharkakoak ikastetxean eta enpresan garatzea».

Proiektua ikasturte honetan jarri dute martxan, eta datorren ikasturtean, hau da, 2013-2014an, ere jarraipena izango du. Tolosaldea Goi-Mailako Lanbide Heziketa Institutuan matrikulatzen diren ikasleek, ikasketak eta lan metodologia egiteko aukera izango dute.

«Proiektuaren balantzea oso positiboa eta garrantzitsua da enpresarentzat, eta baita ikasleentzat ere», argitu dute institututik. Era berean, «ikasleek ikasten jarraitzen duten une berean, lantegiko langileak izatera pasatzen dira, eta egoera honek ikaslearengan jarrera eta interes handiagoa eta hobea bilakatzen ditu», nabarmendu nahi izan dute.

Hainbat lanpostu galtzen ari diren une honetan, Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutuak hamabi ikaslerentzako lan kontratuak lortu ditu, eta gutxienez urtebeteko kontratua izango dute.

Ikasleentzako abantailak

Hezibi proiektuak ikasleei abantailak eskaintzen dizkie Igartuaren esanetan: «Gutxienez urte bateko kontratu laborala izatea, eta behin betiko kontratua lortzeko aukera izatea ahalbideratzen du». Enpresaren errealitatea, hau da, funtzionamendua, lan praktikoak, langileen arteko harremanak, lan baldintzak, segurtasun arauak,... ezagutzen dituztela diote. Eta gainera, gaur egun enpresek eskatzen dituzten zeharkako gaitasunak, hala nola, talde lana, sormena eta berrikuntza, lantzen dituzte proiektuaren parte diren ikasleek.

Urtean, 1.200 ordu inguru egiten dituzte enpresan lanean,  eta 500 ordu inguru ikastetxean bertan. Eta hilero, ikasle horiek, lan hitzarmenaren araberako soldata jasotzen dute.

Baina abantailak ez dituzte ikasleek soilik jasotzen, enpresentzat ere abantailak ugariak dira. Besteak beste, behar teknologikoak garatzeko ikaslea prestatu dezakete. Bestalde, belaunaldien arteko txandatzea gauzatu ahal izatea errazten diete: gizarte segurantzarako %100eko diru laguntza dute, eta tutorearen lana ordaintzeko, berriz, 2.000 euroko diru laguntza jasotzen dute.

Aurtengo ikasturtean bederatzi lantegik hartuko dute parte eta denei esperientzia interesgarria iruditu zaiela argitu du Igartuak: «Illunki Elektrizitatea, Voith Paper, Astindu Elektrizitatea, Asuncion Klinika, Cadinox, Mecanizados Harri, Talleres Gara, Sobres Izalbe eta Gaztelu Iturgintza dira gurekin elkarlanean ari direnak».

Asuncion Klinikako arduraduna den Migel Izagirrek dioenez, «guretzat ikasleak, bertako lan errealak eginez nola moldatzen diren ikustea oso garrantzitsua da. Beraientzat esperientzia berria da, eta gero enpresan langile berriak hartzerakoan aukeraketa egoki bat egin dezakegu».

Illunki Elektrizitatea enpresako kudeatzailea den Jose Luis Artolaren iritziz, «aurrez ikastetxe horretako elektrizitate espezialitateko ikasleak praktikak egiten aritu dira enpresa honetan, eta orokorrean teknikoki oso ondo prestatuak etortzen dira. Beraz, ikastetxeko arduradunek proiektua azaldu zidatenean, oso interesgarria zela iruditu zitzaidan, enpresaren etorkizunari begiratuz». Artolak gaineratu duenez, «oso garrantzitsua da niretzat kontratatu ditudan hiru ikasle hauek 1.200 ordutan  gure enpresan trebatzea. Garatzen ditugun teknologia eta tekniketan, langile kualifikatuak izan ditzagun, eta nazioarteko proiektuetan parte hartzen jarraitzeko».

Enpresen merkatua mundu guztira zabaldua dago, eta gaitasun teknikoez gain hizkuntza gaitasunak izatea oso garrantzitsua dela nabarmendu dute.

Ikasleei jarraipena

Lantegiko tutoreak eta ikastetxeko tutoreak elkarlanean ariko dira. «Ekimen guztiak ondo bideratzeko, koordinatzaile kargua dugu ikastetxean, gure kasuan Joxe Mari Elola da eta honen balorazioa ere proiektuaren inguruan baikorra da», adierazi du Igartuak.

«Parte hartzen dugun guztiontzat oso interesgarria eta garrantzitsua da. Enpresarentzat, ikasle hauek formatu ditzaketelako, eta behar dituen gaitasunetan edo enpresaren etorkizuneko proiektura bideratuz, lanpostu baten erreleboa erraztu dezaketelako», gaineratu du.

Ikasleek gaur egungo enpresa munduaren errealitatea ezagutuko dute. Ikastetxeak, aldiz, enpresekin harremanak sendotzen ditu. Gaur egun enpresa berritzaileak merkatu globalean lehiatzeko behar dituzten gaitasun tekniko eta zeharkakoen berri izanez, ikasketak bideratzen lagunduko dielako horrela prestatzen dituen ikasleen kontratazioa lan munduan erraztuz.

Tolosako Santa Lutzia auzoan kokatua dagoen ikastetxeak lantegi eta erakunde askorekin du harremana, eta beraien eskaintzak eta zerbitzuak hobeto ezagutu eta elkarri laguntzeko prest daudela adierazi dute. Informazio gehiago jasotzeko 943 65 11 47 telefono zenbakira deitu daiteke edo www.tolosaldea.com webgunean sartuz jaso daiteke.

Ate irekien jardunaldiak ere egin dituzte ikasleek beraien azpiegiturak ikus ditzaten. Aurrematrikulazioa egiteko aukera, berriz, maiatzaren 27tik aurrera zabalduko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!