Final-laurdenetarako sailkatu dira Joseba Otaegi eta Jon Rekondo

Ataria 2013ko maiatzaren 7a

Urrezko Aizkora Txapelketako final-laurdenetarako txartela lortu dute Joseba Otaegi zizurkildarrak, Jon Rekondo leitzarrak, Aitzol Atutxa dimoztarrak eta Julen Kañamares arostegiarrak. Final-laurdenetan lehiatuko diren zortzi aizkolariak zehaztuta daude dagoeneko, lehendik sailkatuak baitzeuden beste laurak: Mugertza II.a mutrikuarra, Ander Erasun iturendarra, Floren Nazabal Etxarri-Aranazkoa eta Juanjo Lopez lezaundarra.

Rekondo, Otaegi eta Larrañaga larunbatean lehiatu ziren, Ataungo kanporaketan. Denbora guztiak batuta, Rekondoren denbora 15:37 izan zen, 16:23 Otaegirena eta 18:42 Larrañagarena. Asteburuko beste kanporaketa herenegun jokatu zen, Galdakaon. Jexux Mari Mujika ibartarrak ez zuen lortu lehen bi postuetan sailkatzea. Hirugarren geratu zen, Aitzol Atutxa eta Julen Kañamaresen atzetik.

Maiatzaren 11n jokatuko dituzte bi final-laurdenak, eta bakoitzean lau aizkolari lehiatuko dira. 11:30ean, Urduñan Lopez, Mugertza II.a, Rekondo eta Kañamares III.a ariko dira, eta Diman 19:00etan, Floren Nazabal, Aitzol Atutxa, Joseba Otaegi eta Ander Erasun lehiatuko dira. Final-laurden bakoitzetik bi aizkolari sailkatuko dira finalerdietarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!