Consuelo Cordoba, 2001ean, senarrak azidoa bota eta 40 ebakuntzatik gora jasan ondoren, aurpegia guztiz desfiguratuta duen emakume kolonbiarra da. Maskara batez babestu beharra du bere burua, aurpegiko giharrak mantentzen laguntzeko. Egoera horretan, ezin du lanik egin, eta eskale moduan ibiltzera behartuta dago.
Consuelo ekonomikoki lagundu ahal izateko elkartasun azoka antolatu du bihar, Hutsunea Betez kolektiboak. Goizeko 11:00etatik 14:00etara, bigarren eskuko, baina erabilgarri dauden gauzak salduko dituzte Villabonako Berdura Plazan, hala nola, jantziak, poltsoak, zapatak, liburuak, etxeko tresnak, dekorazio elementuak... Tortilla pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da.
Horrez gain, 11:00etatik aurrera, Arantxi Padilla, EITBko Kolonbiako berriemaileak gai honen inguruan egindako bideo bat emango da udaletxeko balio anitzeko gelan.
Azidoa, armarik gabeko legea
Geroz eta gehiago dira azidoaz erretako emakumeak. Kolonbian esaterako, 150 erasora iritsi ziren 2011. urtean. India, Pakistan edo Bangladesh bezalako herrialdeetan berriz, ohikoak izaten dira.