Gutuna: «Birziklatzearen alde, atez atekoaren aurka»

Ataria 2013ko apirilaren 30a

Bai, halaxe diote, birziklatzearen alde daude baina atez atekoa ez dute nahi. Apirilaren 22an, Ibarrako kultur etxean atez ateko bilketaren aurka eta bosgarren edukiontziaren aldeko hitzaldia izan zen. Hizlaria, Patxi Amantegi; laguntzailea, Tolosako EAJren zinegotzia den Olatz Peon.

Amantegik gezur asko esan zituen, eta beste gauza asko aipatu gabe utzi. Errespeturik gabeko «graziak» egin zituen publikoa berotu asmoz: argudio gutxi eta irain ugariko hitzaldia eman zuen. Bere argudioak eta alternatibak azaldu ordez, atez ateko bilketaren aurkako hitz jarioa erakutsi zuen.

Europak 2016rako, gutxienez %50eko birziklatze tasa izatea agintzen du, eta berak dio, bosgarren edukiontziarekin gaur egun %33ra iristen garenez, denborarekin %40-50era erraz iritsiko ginatekeela. Frogatuta dago edukiontzi hori dagoen herrietan, Urola Kostan adibidez, ez dela %30era ere iristen, eta badira lauzpabost bat urte sistema hori finkatuta dutela. Hala ere, epe motzean eskatutako kopuruetara iristeko arazorik ez dagoela esaten jarraitu zuen. Ez zuen azaldu nola.

Esan zuen, baita ere, landa eremuko herri edota auzoetan ez dela atez atekorik ezarriko, ezinezkoa delako. Ados. Baina auzo konposta eta auto konposta aipatu ere ez zituen egin, toki horietan gaur egungo sistemak jarraituko duela sinestarazi nahi izan zuelako.

Egia esan izan balu, entzule askok jakingo zukeen, herri eta auzo horietan familia askok urteak daramatzatela konposta egiten, hondakin organikoa zabor ontzietara bota gabe.

Errauste planta aipatu ere ez, hau ez da, nonbait, bere kontua. Bera, afera horretatik at dago. Nola ba? Bosgarren edukiontziak ez baditu birziklatze kopuru batzuk ziurtatzen, errauste planta beharrezkoa izango da. Berak hori badaki, eta isildu egiten da fede txarrez.

Azkenik, Tolosaldeko Mankomunitateko tekniko batzuk aipatu zituen euren inpartzialitatea kolokan jarriaz, zero zabor diren herrietatik datoztelako. Nor da inpartziala? Bera? EAJ errauste plantaren alde dago; eskrupulurik ez duen «alderdi ekonomikoa» da. Nortzuk, eta zein helbururekin, sortu dute Tolosaldea Txukun?

Izan gaitezen serioak, eta era sano batean eztabaida dezagun. Birziklatzeko betebeharra denona da, eta zabor gutxiago sortzeko erantzukizuna ere bai. Errauste plantarik ez dugu behar, ez Zubietan eta ez inon!

Ainhoa Muñagorri. Ibarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!