Anoetan herritarren parte hartzearekin berritu dute haurrentzako parkea

Ataria 2013ko apirilaren 30a

Anoetako Udalak, herriko txikienak kontuan hartuz haurren parkea berritzea erabaki du. Martxoa aldera hasi zituzten berritze lanak, eta duela pare bat aste bukatu zituzten obrak.

Herriko plazako haurren parkea zahartua zegoela adierazi du Pello Estanga alkateak: «nahi eta nahiez berritu beharra zegoen, egoera txarrean eta haurrek mina hartzeko arriskua zegoen».

Lanak egiteko, ordea, herritarren parte hartzea bultzatu du Anoetako Udalak, eta gurasoek zer esana izan dute parkea nolakoa izan behar zuen erabakitzerakoan. Udalak aurrekontu batzuk aurkeztu zizkien, eta egindako bi bileretan, gurasoek, iritziak emateaz gain, ekarpenak egiteko aukera izan zuten.

Horren harira, gurasoek, haur parkean itzalaren falta sumatzen zutenez, udalak hori ere kontuan hartu du. Aurrerantzean, egun eguzkitsuetan guraso eta haurrek itzala ere izango dute.

Parkea berritzeak 40.000 euroko aurrekontua izan du, eta udalak lan hauek egiteko Zizurkilgo enpresa bat kontratatu du.

Esker oneko hitzak jaso dituzte udalean lanak egin eta gero. Estangak esan duenez, «oso ondo» geratu dela adierazi diete herritarrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!