‘#M18Plazara’ azken ostiralean aurkeztuko dute

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 26a, 10:35

Hilabeteko azken ostiralean, gaur, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde elkarretaratzeak egingo dituzte Tolosaldeko eta Leitzaldeko herrietan, Herrirak antolatuta. Bertan, #M18Plazara ekimena aurkeztuko dute. Herriratik honela azaldu dute leloaren atzean dagoen mobilizazioa: «Datorren maiatzaren 18an, Euskal Herriko 200 plaza baino gehiagotara, euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarria jendarteratuko duen mobilizazio deszentralizatua antolatuko dugu».

Eskualdeetako herrietan ekimena prestatzen ari dira, eta maiatzaren 18a «inflexio une bat» izatea nahi dute.

Tolosaldeko Herrira-tik azaldu dutenez, «espetxe politikaren aurpegirik krudelena ikusi dugu azken asteetan, ondorio latz eta atzeraezinak pairatuz, eta etengabe tragediarekin harremanetan». Horren adibide bezala, Xabier Lopez Peña eta Angel Figueroaren heriotzak aipatu dituzte, baita «Bigarren Ibarra edo Jabi Martinez Izagirreren gertukoek izandako istripuak, eta Puerto Sevilla edo Mureten emandako eraso fisikoak ere». Guzti horregatik, «garaia da giza eskubideak era nabarmenean urratzen dituzten salbuespeneko neurriekin amaitzea», gaineratu dute Herrira-tik. Preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimendutik, «euskal jendarteko zati handi baten sufrimendua eta antsietatea luzatzeaz gain,  konponbidea eta bakea definitiboki lortzeko bidean traba besterik ez dutela egiten» aipatu dute.

Herrira-ren aburuz, «Madrilen eta Parisen nagusi den eskubide urraketa eta inboluzioaren aldeko jarreraren aurrean, herritarren protagonismoa da errezetarik onena». Horregatik, bakoitzak bere esparrutik, dituen aukeren arabera eta egokien baloratzen duen ekarpena eginez, bultzada eta ekimen guztiak aberasgarriak direla gogoratu dute euskal preso eta iheslarien mugimenduko kideek. Maiatzaren 18ko egitasmoa bide horretan kokatu dute, «aldaketen nahia eta beharra» irudikatzeko bidean.

Azken ostirala

Gaur

Aduna. 20:00etan.

Alegia. 19:30ean.

Altzo. 20:00etan.

Amezketa. 19:30ean.

Anoeta. 19:30ean.

Asteasu. 19:00etan.

Berrobi. 19:30ean.

Berastegi. 19:30ean, herriko plazan.

Bidegoian. 19:00etan Goiatzeko autobus geltokiaren aurrean.

Ibarra. 19:30ean.

Irura. 19:30ean, plazan.

Gaztelu. 19:30ean, plazan

Ikaztegieta. 20:30ean.

Leitza. 20:00etan.

Leaburu. 20:15ean.

Lizartza. 20:00etan.

Tolosa. 19:30ean.

Villabona. 20:00etan.

Zizurkil. 20:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!