Kaixo Iruratar: Udal gobernura iritsi ginenetik ia bi urte igaro dira. Gure interes bakarra Irura eta iruratarren aldeko egitasmoak aurrera ateratzea da. Hauteskundeetara aurkeztu ginen programaren barruan «birziklatze maila handitzeko neurriak hartuko genituela» ipini genuen eta programan jarritako hura betetzea zintzotasunez jokatzea da.
Egindako osoko bilkuretako batean hondakin bilketa sistema aldatzea onartu genuen. Aurretik, hondakinen inguruko udal batzordean hitz egindakoa, Tolosaldeko mankomunitatean partaide diren gainontzeko herriekin partekatu genuen. Bilera horien ondorioa izan zen ahal den eta birziklatze maila altuena lortzeko, atez ateko bilketa sistema eraginkorrena dela.
Gaur egungo sistemak edo 5. edukiontziaren sistemak ez dio inolaz ere arazoari konponbidea eskaintzen. (%30-%35eko birziklatze tasak, hurrenez hurren). Azken urteetan mankomunitatearen gehiengoa beste batzuen eskuetan egonik, zergatik ez da 5. edukiontziaren sistema abian jarri? Agian orain, guk bezala birziklatzearen alde daudela diotenek ez zutelako arazoa konpontzeko inongo asmorik. Agian 5. edukiontziaren sistema erabiltzen den herrietan emaitza kaxkarrak eman eta ematen dituelako?
Ahalik eta gehien birziklatzeari ezin diogu bizkarra eman. Ezin dugu gure erosotasuna hirugarrengo batzuen oinarrizko eskubideen gainetik jarri. Ingurumenak, guk eta ondorengo belaunaldiek eskertuko dute arduraz jokatzen badugu. Ahalik eta gehien ez birziklatzeak errausketara garamatza. Ez gaude horrelako makroproiektuetan dirua xahutzeko. Tamalez, arazorik larriena ingurumenean eta gure osasunean sortuko luke, eta gure erabakietan lehentasun osoa dute ongizatea lortzeko laguntzen duten pausoek.
Jakitun gara Irurako zenbait pertsonek sistema aldaketaren aurrean kexa edo kezkak azaldu dituztela. Errespetatzen ditugu.
Askotan kritikatzen da politikariek egiten duten guztia bozkak lortzeko edo ez galtzeko egiten dutela. Ez da gure kasua eta horrek sinesgarritasuna ematen digula uste dugu. Bestelako jokaera erraza bezain arduragabea izango litzateke.
Erabateko konfidantza dugu iruratar guztion artean arazoari konponbidea emango diogula. Horregatik atez atekoari aukera bat ematea eskatzen dugu!
Irurako Udala.