Eguraldia lagun, giro polita nonahi

Ataria 2013ko apirilaren 23a

Alpino Uzturre taldekoak, Lapoblacion mendian.

Aspaldian ez bezalako eguraldi atsegina egin du asteburuan, eta hori ederki nabaritu da eskualdean antolatu diren ekitaldietan. Mendi irteera, herri krosa, erromeria edota Kilometroetako bideokliparen grabaketa, edozein aitzakia izan da ona kalera atera eta parte hartzeko, eta giro paregabea nabarmendu da guztietan.

Mendira joateko, esaterako, eguraldi ezin hobea izan zen herenegungoa. Leitzako Mendibil mendi taldeko kideak Araba aldean izan ziren, eta Olano eta Arbarrain gailurrak igo zituzten. Amasa-Villabonako Aizkardi elkarteko kideak Lizarra eta Viana arteko Kodes mendi lerroan izan ziren, 20 kilometroko itzulia egin zuten, eta tartean, Joar gailurra igo zuten. Tolosako Alpino Uzturrekoak, berriz, Nafarroatik (Angostina) abiatu ziren, Araban (Kripan) bukatzeko. Errioxako ikuspegi ederrez gozatu ahal izan zuten. Kantauri mendilerroko Lapoblacion (1.275 m) eta San Tirso (1.333 m) mendiak igo zituzten.

Kirola egiteko aukera izan zen herenegun, baita ere, Iruran. Izan ere, Kirol Astearen barruan, Bailarako IV. Herri Krosa izan zuten bertan. 120 parte hartzaile izan zituen, eta hauek maila desberdinetan banatuta egin zuten ibilbidea. Aurrebenjaminak edo 7 urte artekoak hasi ziren korrika. 300 metroko ibilbidea burutu zuten hauek, eta denek jaso zuten domina helmugan. Parte hartzaile gehien batu zituen maila izan zen, 85 korrikalari txikirekin. Benjaminen txanda izan zen ondoren, alebinak gero, eta azkenik, infantilek, kadeteek, beteranoek eta helduek hartu zuten parte, elkarrekin. Azken hauek, 6.800 metroko ibilbidea egin zuten.

Irurarrak ezezik, eskualdeko herrietakoak ere animatu ziren Iruran herrian zehar prestatu zuten ibilbidean korrika egitera. Udala «oso gustura» geratu da ekimenak izan duen harrerarekin, eta «oso giro polita» izan zela nabarmendu du.

Erromeri alaia

Asteasuko erromeria.

Asteasuko plazan, bestalde erromeria izan zen larunbat arratsaldean. Ebia kultur taldeak antolaturik udaletxeko arkupeetan trikiti doinuak izan ziren, eta gazteak zein helduak gerturatu ziren bertara, asko dantzatzera ere animatu zirelarik.

Urkizuko auzotarrek, berriz, Jakoba Errekondoren bisita izan zuten larunbatean. 25 lagun inguru elkartu ziren elkartean, landareen adituaren hitzak entzutera.

Kilometroetako bideokliparen grabaketa, Tolosako Zerkausian.

Bestalde, Kilometroetako bideoklip ofizialaren grabaketa ere egin zuten herenegun. Hain zuzen ere, bideoaren azken zatirako grabaketak burutu zituzten Tolosako Zerkausian, 100 lagun ingururen laguntzarekin. Horietako asko euren laneko jantziekin azaldu ziren, hala nola, suhiltzailez, irakaslez, harakinez edota larrialdi zerbitzuetako langilez jantzita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!