Autoak eta ogitartekoa, plan aparta

Ataria 2013ko apirilaren 18a

Ñañarri Rallyesprintaren seigarren edizioa jokatzeko egun gutxiren faltan, nabari dira jada motor hotsa eta neumatiko usaina Alegia eta Amezketa batzen dituen GI-2133 errepidean.

Eskualdeko motorzaleek galdu ezin duten hitzordua izango dute larunbatean. Ia dena prest da gidari askok, «urteko probarik  politenetako bat» bezala definitzen duten lasterketa jokatzeko.

Hiru hilabetez ibili dira lanean Irurako Ikastolako eta Sardara taldeko antolatzaileak. «Sei urte hauetan rallyesprintaren ezaugarriak eta ia lantalde bera mantendu direnez, geroz eta azkarrago egiten ditugu egin beharrekoak», dio Iñigo Iñurrita, antolakuntzako koordinatzaileak.

Urrian ekin zioten lanari. Lehen pausoa, eta garrantzitsuena, inguruko udalei baimenak eskatzea izan zen. «Behin baimen hoiek lortuta, aldundiak ez du inongo arazorik jartzen». Ondoren, data aukeratu behar izan zuten. «Abenduaren 31 baino lehen egin behar izaten dugu hau, izan ere, urtarrilean Ertzaintzako Trafiko Saila hainbat federazioekin biltzen da, kirol proba ezberdinek elkarren artean oztoporik egiten ote dieten aztertzeko».

Behin hori finkatuta, hurrengo egitekoa, iragarleak bilatzea da. Inauteriak pasa ondoren hasten dira horretan. «Publizitatea beharrezkoa daukagu proba antolatu ahal izateko. Rallyesprinta antolatzeak 18.000 eta 20.000 euroko kostua du, eta diru horren zatirik handiena iragarkietatik sartzen da. Bestea, izen emateekin eta ikusleek ordaindu beharreko sarrerekin lortzen dugu. Orain arte beti ondo ibili izan gara», azaldu du Iñurritak.

Behin hori guztia lotu ondoren, pertsonala antolatzeari ekiten diote. «Lan talde ezberdinetan banatuta gaude: trafiko eta aparkalekuak, garbiketa, protokoloa, iragarkiak, komunikazioa, komisarioak, giza baliabideak, segurtasuna... Bakoitzak bere esparrua kontrolatzen du». Lan horietan, hogei bat pertsona aritzen dira. Egunean, berriz, ia 180 dira.

Eguraldiari begira

Hilabete horietan egindako lana, ordea, egun bakarrean ikusten da eta akats batek edo eguraldiak berak, dena zapuztu lezake. «Orain arte beti ongi moldatu izan gara. Probak amaitu eta balorazio guztiz positiboak egin ditugu», dio antolakuntzako koordinatzaileak. Horregatik, bereziki aste honetan, zeruari begira dabiltza. «Eguraldiaren arabera, jende gehiago edo gutxiago hurbiltzen da, eta beraz, horren araberakoa da ere diru sarrera. Pasa den urtean, adibidez, eguraldi kaskarra egin zigun, eta inoiz baino jende gutxiago izan genuen ikusten».

Iragarpenak onak dira aurten, eta joan den urtean baino jende gehiago espero dute Alegia eta Amezketa bitarteko errepide bazterretan. «Lagunartean edo familian, ogitartekoa eta edari batzuk hartu eta egun on bat pasatzeko plan aparta» dela dio Iñurritak.

Hori bai, atzo Irurako Ikastolan egin zen aurkezpenean, bi mezu zabaldu nahi izan zituzten bertaratzen diren horientzat: «Alde batetik, komisarioei errespetatzeko eskatu behar diegu ikusleei. Haiek lekuren batean ez egoteko esaten badiete, aginduak bete ditzatela, ezbeharrak ekiditeko. Bestetik, hondakinak biltzea eskertuko genieke. Ezer gertatu izan ez balitz bezala utzi nahiko genuke, eta euren laguntzarekin garbiketa lanak asko erraztuko dizkigute».

Probarik «politena»

Probari edertasuna, baina, ez dio eguraldiak emango, gidarien lanak baizik. Eurak izango dira larunbat honetan protagonistak.

Guztira 75 gidarik eman dute izena, aurtengo denboraldiko rallyesprint guztietan egon den kopururik altuena. Parte hartzaileen artean, faborito izan daitezkeen Ander Arana, joan den urteko garailea, Joxe Labaka, Txus Jaio, Iñaki Alberdi, Aingeru Castro edo Josetxo Zapiain bezalako gidariak daude.

Eskualdeko lau gidarik ere hartuko dute parte: Joseba Sanz, Markos Landa, Iker Tolosa eta Andoni Aierbek.

Azken honek, ibilbidearen inguruko xehetasun teknikoak azaldu zituen: «Hasiera oso teknikoa da, eta Orendain eta Abaltzisketa bitarteko tartea oso azkarra da. Orokorrean, oso proba polita da pilotuentzat. Askoren ustez urteko politena. Parte hartzaile kopuruan ikus daiteke hori. Ni, pertsonalki, oso gustura ibiltzen naiz».

Larunbatean, arratsaldeko hiruretan hasiko da rallyesprinta. Gidariek baina, goizeko bederatzietarako egon beharko dute Alegiako Bazurka Industrialdeko atoi parkean, egin beharreko azterketak egiteko.

14:00etan, berriz, errepideak itxiko dira eta ez dira proba amaitu arte irekiko, beraz, antolatzaileek garaiz iristea eskatu dute. Hiru aparkaleku izango dira: Alegiako industrialdea, Orendain, eta Larraitz. Probari amaiera emango dion sari banaketa, berriz, 20:00etan izango da Alegian.

Datuak

ÑAÑARRI RALLYESPRINTA

Edizioa. Seigarrena.

Eguna. Apirilak 20, larunbata.

Hasiera ordua. 15:00etan.

Errepide itxiera. 14:00etan.

Amaiera ordua. 20:00etan.

Ibilbidea. Alegia-Amezketa.

Distantzia. 10,3 kilometro.

Distantzia osoa. 31,5 km.

Pilotu kopurua. 75.

Eskualdeko pilotuak. Andoni Aierbe, Markos Landa, Joseba Sanz eta Iker Tolosa.

Atoi parkea. Alegiako Bazurka Industrialdean.

Aparkalekuak. Alegiako Bazurka Industrialdea, Orendain eta Larraitz

Sari Banaketa. 20:00etan, Bazurka industrialdean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!