Abian da Irurako Kirol Astea, adin eta gustu guztientzat osatutako egitarauarekin. Asteburuan Olinpiada Herrikoia eta xare txapelketetako finalerdiak jokatu ondoren, atzokoan erretirodunen txanda izan zen. Ibilaldi neurtua egin zuten eta hamabost pertsona inguru animatu ziren parte hartzera.
Bihar eta etzi gaztetxoentzat eta gazteentzat antolatutako ekitaldiak izango dira. Hala, bihar, 17:00etan, kirol saltsa izango da frontoian, zortzi eta hamasei urte bitartekoentzat. Parte hartzaileek aurretik izena emanda izan behar dute. Etzi, berriz, Gaztelekutik irteera antolatu dute Tolosako kiroldegiko rokodromora.
Larunbatean, VI. Ñañarri Rallyesprinta izango da jokoan, Irurako Ikastolak antolatua, eta Alegiatik Amezketara egingo dena. Asteari amaiera emateko, igandean, 10:30ean hasita, Bailarako IV. Kros Herrikoia egingo da, eta 16:30etik aurrera pilota partidak egongo dira: Ametsa pilota elkarteko ikasleen artekoak, gero Beteranoen Xare Txapelketako finala jokatuko da, eta, azkenik, Share Elkartea Sariko finala. Egitarau oparoa, beraz, kirolari duen garrantzia emateko.