Erosi hemen, eta itzuli Parisera. Lelo horrekin aurkeztu zuten atzo Amasa-Villabonako Oria Merkatari Elkarteak atzo bertan abian jarri zuen udaberriko kanpaina.
Kitilo Fernandez, elkarteko lehendakariak, Consuelo Gomez, lehendakari ordeak, eta Tolosaldea Garatzeneko merkataritza dinamizatzaileak, Agus Adurizek, hartu zuten parte Lehiberri zentroan egindako aurkezpen ekitaldian.
Joan den urtean, Erosi hemen, eta Paris ikusiko duzu lelopean egin zuten kanpaina «arrakastatsua» ardatz hartuta, errepikatzea erabaki dute aurten ere. Hori dela eta, bertako salmenta sustatu, eta erosleen fideltasuna eskertzeko, gastu guztiak ordainduta, bi lagunentzako Parisera bidaia bat zozkatuko dute.
Zozketan parte hartu ahal izateko, elkarteko kide den dendetako batean kontsumitzeagatik banatuko den papertxo bat bete beharko da. Bertan, izen-abizenak eta telefono zenbaki bat eskatuko dira, eta nahitaezkoa izango da datu guztiak betetzea, hori betetzen ez duten papertxoak baliogabetu egingo baitituzte.
Atzo hasi zen 2013ko udaberriko kanpaina hau, eta maiatzaren 29ra bitarte luzatuko da. Egun horretara arte izango da zozketan parte hartzeko aukera. Irabazlea, baina, hurrengo egunean, maiatzaren 30ean jakinaraziko dute, 13:30ean Villabonako Berdura Plazan egingo den ekitaldian.
Irabazlearekin momentuan bertan jarriko dira kontaktuan, eta lortu ezean, beste hiru aldiz saiatuko dira.