Leitzako eliza[/caption]
Elizak egin duen Nafarroako hainbat herritako ondasun higiezinen inmatrikulazioa salatu du Nafarroako Ondarearen Babeserako Plataformak. Dagoeneko 50 udalerrik egin dute bat plataformaren eskariarekin, hau da, ondasun horiek herriari itzultzea. Herri horien artean dago Leitza.
Leitzako kasuaren adibide lirateke bertako eliza eta baseliza. Juan Mari Barriola Leitzako Udaleko zinegotziak azaldu duenaren arabera, 1500 eta 1600 urte ingurutik badira elizaren nagusitasuna udalarena zela frogatzen duten dokumentuak. «Leitzako Udalak elizaren obra ugari ordaindu zituela frogatzen da, eta baita, udalak zuela abadea aukeratzeko eskubidea». Antza, eliza nahiz baseliza azken urteetan erregistratu du Nafarroako artzapezpikutzak bere izenean.
Tafallako zinegotzi bat jabetza batzuk erregistratzera joan izanaren ondorioz ohartu ziren 2007. urtean Nafarroako herri askotako 1.087 ondasun erregistratuak zituela artzapezpikutzak. Horrela sortu zen Nafarroako Ondarearen Babeserako plataforma. Egun 50 udalek egin dute bat plataformaren eskariarekin, eta kopuru hori handitzea espero dute, orain ari baitira mozioak onartzen herrietan.
1946. urtean onartu zen hori egitea ahalbidetzen duen legea. Horren bitartez, Elizak bere izenean erregistratu ditzake aurrez erregistratu gabe dauden eta Elizak erabiltzen dituen ondasunak. Geroago lege hori bertan behera geratu zen, baina Jose Maria Aznar Espainiako presidente zelarik legea indartu zuten. Bada, lege hori eskuetan duelarik, azken urteetan, Nafarroako artzapezpikutza Elizak erabiltzen dituen Nafarroako ondasunak erregistratu ditu.
«Europan beste inon ez»
Barriolak dioenez, «orain arte, herriarenak kontsideratu izan dira herriak berak eraikitakoak izan diren maisuaren etxea, apezetxea, elizak, baselizak, herri lurrak... Eta inori ez zitzaion bururatu horiek inoren izenean erregistratzea». Leitzako zinegotziak salatzen duenez, «Elizak ondasunak bere izenean erregistratu eta gero aukera izan du nahi duen guztia egiteko horiekin, saltzeko eta negozioa egiteko, esaterako».
«Herritarrenak diren ondasunez jabetzeaz gain», Nafarroako Gobernuak Elizari diru laguntzak ematea ere salatu dute plataformatik. «Horrelakorik ez da beste inon gertatzen Europa osoan. Europan normalean herriarenak edo estatuarenak dira ondasun horiek», dio Juan Mari Barriolak.
Bada, Nafarroako Ondarearen Babeserako Plataformak Nafarroako Gobernuari ondasunen erregistro hauek ahalbidetzen dituen legea indargabetzea eskatzen dio. Era berean, ondasunen inguruko informazioa eman dezala eta Elizari ekonomikoki ematen dion laguntzen berri ematea ere eskatzen dio.
Herritarrei eta udalei, berriz, salaketa publiko horretara atxikitzea eskatzen diete plataformako kideek.