Tolosako Urkizuko Alurtxiki auzo elkarteak udaberria du buruan dagoeneko. Hala, neguko ekitaldiak emakumeen eguna eta gizonen eguna ospatuz amaitu dituzte. Emakumeek Iparraldera egin zuten txangoa eta «zoratzen bueltatu ziren etxera autobusa lorez beteta zutelarik». Gizonek Isastegi sagardotegian afari batekin ospatu zuten beraien eguna. Udaberriko ekitaldiekin hasi dira, eta orain gutxi haur nahiz helduak elkartean bildu ziren eskulan saio batean. «Benetan gauza oso politak atera ziren eta denok gustura itzuli ginen etxera», azaldu dute Alurtxiki elkartetik. Ekitaldiekin jarraituz, hilaren 20an, 15:30ean, Jakoba Errekondo landareetan adituaren bisita espero dute elkartean.