Inoiz baino bisitari gehiago izan dira Aste Santuan

Ataria 2013ko apirilaren 5a

Inoiz baino turista kopuru handiagoa izan da Tolosaldean Aste Santuko bost opor egunetan. 1.732 bisitari jaso dituzte guztira Tolosa eta Larraitzeko bi informazio bulegoetan, iazko hirukoitza.

Duela hiru urte ireki zen Larraitzeko Txindokiko Itzala bulegoan izan da bisitari kopuru gehien. 1.228, hain zuzen. Horietako 918, igandeko eguraldi onak eraman zituen bertara, gehienak familia giroan.

Jatorriari dagokionez, euskaldunen presentzia nabarmen igo da, batez ere, gipuzkoar eta eskualdekoena. Atzerritik etorritakoen kopuruak ere gora egin du, %3, hain zuzen ere.

Gipuzkoarren gorakada

Bertako bisitarien igoera izan da Tolosaldea Garatzenek gehien nabarmendu duena. Joan den urtean, 140 gipuzkoar jaso baziren, aurten 1.048ra igo da kopurua. Horietako 91, gainera, eskualdekoak izan dira. Arabar, bizkaitar eta nafarrak kontutan hartuta, 1.433 bisitari euskaldun izan dira.

Espainiatik etorritakoen kopuruak behera egin du, %6ko jeitsierarekin. Kataluniarrak, berriz, fidel jarraitzen dute, joan den urteko 64tik, aurtengo 93ra pasaz. Espainiaz kanpotik, guztira, 34 turista iritsi dira, iaz baino 10 gehiago. Mexiko, Holanda, Peru eta Frantziatik etorri dira gehienak.

Okupazio tasak behera

Bisitarien izaera, ordea, egun pasa datorrenarena izan da. Ondorioz, eskualdeko okupazio tasak behera egin du. Nekazal-turismo edo landetxeetan, %61eko okupazioa izan dute, eta hotel eta pentsioetan, berriz, %74koa.

Olatz Ilarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo arduradunaren esanetan, datuak «iazkoak baino okerragoak»  izan arren, «gustura» daude: «Leku askotan pazko astelehena jai eguna ez dela kontutan hartuta, ontzat ematen ditugu. Gipuzkoako batez besteko datuen oso antzekoak dira».

Bisitari kopuruak, ordea, ostalaritzan eta museoetan modu positiboan eragin du. Gastronomia aldetik, Pintxo Pass ekimenak harrera «ona» izan du, eta guztira 134 pase saldu dira. Karakol saltsa menua eskaini duten jatetxe asko ere «oso ondo» aritu dira lanean. Museoen kasuan, berriz, 169 bisitari hartu ditu Gorrotxategi museoak, eta 397 Topic zentroak.

Datuekin, beraz, pozik daude Tolosaldea Garatzenen: «Balorazio positiboa egiten dugu. Datu oso onak dira, eta lanean jarraitzeko motibatzen gaitu».

Zenbakia: 1.732 bisitari

Ia 2.000 pertsona pasa dira bost opor egunetan Tolosa eta Larraitzeko informazio puntuetatik. Zehazki, 504 Tolosan izan dira, eta 1.228 Abaltzisketan. Horietako 918, gainera, igandean izan ziren.

Informazio osatuagoa duen webgunea estreinatu dute

www.tolosaldea.net. Horixe izango da eskualdeko bisitarientzat informazioa bilduko duen webgune eraberritua. Urtarrilean bistaratu bazuten ere, azken ukituak ematen ibili dira orain arte, eta atzo aurkeztu zuten Tolosaldea Garatzeneko Jose Luis Urdangarin eta Olatz Ilarregik. 2005ean, garaiko beharrei erantzuten zien lehen orrialdea egin zenetik asko aldatu dira Internet eta kontsumitzeko ohiturak. Hori dela eta, web 2.0 teknologia aplikatu, eta  «irisgarritasun hobea eta informazio aldetik osatuagoa» den webgunea sortu dute.

Plataforma integrala

Turistari bidaiaren etapa ezberdinetan lagunduko dion plataforma integral izatea bilatzen du webguneak. Honela, bidaia egin aurretiko, bidaia egiten ari deneko, eta ondorengo faseak bereizi dituzte edukiak antolatzerako orduan. Lehen fasean, bidaiaren antolaketan zentratu dira, eta ostatuak bilatu, ibilbideak planifikatu, irudiak ikusi, eta bisiten inguruko dokumentazioa jasotzeko aukera dago. Egonaldian zehar, kokatu eta bertako produktuak non kontsumitzeko informazioa izango dute. Bidaia egin ondoren, beren esperientziak partekatzeko aukera izango dute. Horretarako, gizarte sareak aplikatu dituzte.

Eduki berria ere izango du. Herri bakoitzak bere informazio fitxa izango du, bereziki leku horietara gerturatu nahi dutenei begira. Non erosi eta non jan atalak eguneratu dituzte, eta Tolosa Gourmet taldeko bazkideei tratu berezia eman zaie, hauen inguruko informazio gehiago ipiniz.

Turismo profesionalari begira, bilera, mintegi eta barnetegiak egiteko egokituta dauden lekuak ere bildu dituzte. Gainera, informazio hori, lau hizkuntzatan izango da, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

Webgune irisgarria

Ahalik eta erabiltzaile gehienei helarazteko helburuarekin, WAI protokoloa betetzen duen webgunean egin dute. Horrela, hitz klabeen erabilpena handitu, webgunearen mapa jarri eta HTML5 programazioa erabili dituzte, bilatzaileek errazago aurkitzeko. Gainera, eguneraketa bitartekaririk gabe egiteko aukera izango dute, eta eurek egingo dituzte eguneroko aldaketak.

Ondoren, Google Analytics-en bitartez jarraipena egin, eta datuen arabera, mugikorrerako bertsioa egitearen ideia aztertuko dute. Aplikazioa egitearen ideia, berriz, guztiz baztertu dute oraingoz behintzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!