«Lorautsarekikoak baino arazo gehiago sortzen du hemen akainekiko alergiak»

Ataria 2013ko apirilaren 5a

Hogeita bost urte baino gehiago daramatza Maria del Mar del Castillok (Donostia, 1956) alergia dutenak artatzen Asuncion klinikan. Alergiari buruzko albisteak udaberriarekin batera zabaldu ohi direla dio, baina urte guztian zehar eragiten duten alergiak ere badaudela nabarmendu nahi izan du.

Alergikoentzat sasoi txarra datorrela zabaldu da. Hainbesterako izango da?

Alergiari buruz ari garenean, beti udaberriari buruz hitz egiten da. Baina hemen arazo gehiago ematen du akainek sortzen duten alergia iraunkorrak, urte guztian dagoelako. Udaberrian izaten den gramineoen lorautsarekiko alergia ikusgarriagoa da, baina hemen patologia gehien ematen duena akainena da. Lorautsari buruz baino askoz gutxiago hitz egiten da akainei buruz.

Eta hori zergatik gertatzen da?

Ez dakit, hemen akainek arazo gehiago sortzen dute. Udaberriarena ikusgarriagoa da, eta komunikabideetan horri buruz hitz egiten da gehiago. Hemen hezetasuna dugu, tenperatura epela, eta etxeetan akainak hazten dira.

Lorautsei buruz ari garenean, denak berdinak dira?

Hor ere beharrezkoak dira zehaztasunak. Zuhaitz, lore eta belar bakoitzak bere polinizazio garaia du. Lorautsari buruz orokortasunean hitz egiten da, eta ez da horrela izan behar, lorauts bakoitzak bere garaia duelako. Gramineoen lorautsari buruz hitz egiten da komunikabideetan, banaketa oso unibertsala delako, eta maiatza eta ekainean ematen ditu arazoak. Baina otsaila, martxoa eta apirila zuhaitzen polinizazio garaia da. Ikusi ohi den hauts horia pinuarena da; pinuaren lorautsak alergia eragiten badizu, arazoak otsailean eta martxoan izango dituzu, baina ziurrenik maiatzean eta ekainean ez. Beraz, garrantzitsua da pertsona bakoitzak jakitea zeri dion alergia, horren arabera bere neurriak hartzeko. Askotan dena nahastu egiten da, lorauts guztiak berdinak direla pentsatzen delako.

Beraz, nolakoa izango da iragarri den sasoi txar hori?

Maiatza eta ekainean izango dugun eguraldiaren arabera izango da hori. Ohikoena da gure udaberriak euritsuak izatea, eta euriarekin lorautsa garbitu egiten da. Beraz, maiatzean eta ekainean euria egiten badu, garbitu egingo du. Beroa, haizea eta eguzkia egiten badu, lorautsa gehiago izango da. Leku lehorretara bazoaz, han udaberrian ez dute euririk izaten normalean. Orain arte euri asko egin duenez, pentsatzen dute loratzea bizia izango dutela eta, beraz, polinizazioa ere bai. Baina hemen udaberrian euria egiten duenez, normalean polinizazioaren eragina leunagoa da.

Zer neurri hartu behar dira?

Batetik, alergia sortzen dizun horren aurrean prebentzio neurriak hartzea. Adibidez, alergia diozun lorautsaren garaia bada, leku itxietan bazaude askoz hobe, hori bai, leihoak itxita badituzu. Bestetik, tratamendua alergiak eragiten dizun arazoen araberakoa izango da. Ez da berdina konjuntibitisa izatea, errinitisa, asma edo azalean arazoak izatea. Beraz, bakoitzak beharrezko medikamentuak hartu beharko ditu, sendagileak egoera bakoitzerako ematen duena. Bestalde, txertoa da epe luzera alergiaren bilakaera aldatu dezakeen tratamendua; hau da, alergia diozun hori sartzea, bere eragina blokeatuko duen mekanismoak sortzeko.

Zenbat dira alergiaren bat dutenak?

Euskadin, Europan bezala, gutxi gorabehera biztanleriaren %20a eta %25a artean da alergikoa. Kopurua igotzen joan da eta joera gorakoa da. Hurrengo hamar urteetan kopurua bikoiztu egingo dela esaten da. Horrek ez du esan nahi pertsona guzti horiek gaixotasun alergiko larriak izango dituztenik. Alergiek hainbat modutara eragiten dute. Errinokonjuntibitisa ez da larria, baina gogaikarria da. Asma izanez gero, larritasuna zertxobait igotzen da. Elikadura alergiei dagokionez, azalean gorritasun bat izatetik heriotza eragin dezakeen arazoetaraino izan daiteke.

Zenbait aholku

Akainei alergia diotenentzat

  • Hautsa metatu dezakeena ekidin: moketak, alfonbrak, tapizak, errezel lodiak...
  • Xurgagailu indartsu bat pasatu, HEPA filtroa duena, altzari eta koltxoietatik.
  • Hautsa trapu heze batekin kendu.
  • Maindireak astero garbitu 60 gradutara.
  • Hezetasuna ekidin etxe barruan.
  • Etxea haizeberritu egunero.
  • Iledun edo lumadun animaliak ekidin etxe barruan.
  • Hobea da koltxoiak goma-aparrezkoak edo material akrilikozkoak izatea, eta artilea eta lumak ekiditea.
  • Komenigarria da koltxoi-azal eta bururdi-azal bereziak jartzea.
Lorautsari alergia diotenentzat

  • Polinizazio garaian, ahal dela lorautsarekin kontakturik ez izan: mendira ez atera, belarra ez moztu, lorategiak edo espaloiak ez garbitu. Egin behar izanez gero, maskara erabili.
  • Autoz bidaiatu behar baduzu, leihoak itxita eraman.
  • Egun haizetsuetan, lorauts gehiago izaten da atmosferan; beraz, ahal dela aire librean ez ibili.
  • Eguzkitako betaurrekoak erabili.
  • Etxeko leihoak ahalik eta denbora gehien itxita eduki, lorautsa etxe barrura sar ez dadin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!