44 milioi euroko isuna papergintzako 15 lantegiri

Ataria 2013ko apirilaren 4a

Espainiako Konpetentziaren Batzorde Nazionalak 44 milioi euroko isuna jarri die papergintza alorreko hamabost lantegiri, Konpetentziaren Babeserako Legea hautsi izana egotzita. Lantegi horien artean lau Tolosaldekoak dira, edota eskualdean ordezkaritzak dituzte: Albizturiko Antalis, Tolosako SAM, Ibarrako Sobres Izalbe eta Adunako Unipapel.

Konpetentziaren Batzordeak frogatutzat eman du 1977tik 2010era bitarteko epean aipaturiko laurek eta beste 11 enpresek «paperezko gutunazalen Espainiako merkatuaren banaketan» hartu zutela parte. Batzordeak adierazi duenaren arabera, «konpetentziaren aurkako ekintzak» burutu dituzten hamabost enpresek akordioak zituzten euren artean «bai prezioak zehaztean, bai eta merkatuaren banaketari dagokionean ere, paperezko gutunazalen lizitazioan Espainiako administrazioak nahiz hainbat autonomiatako administraziok deituriko hauteskundeetarako». Halaber, akordio horrek alderdi politikoen hautes-gutunen ekoizpenaren banaketa ere jasotzen zuen.

Bestalde, inprimatu aurreko gutunazalen merkatuaren ekoizpenaren banaketarako akordioak ere bazituztela dio Konpetentziaren Batzordeak. Merkatu horren barruan sartzen ziren «Espainiako 223 enpresa publiko nahiz pribatu», eta 1990 eta 2010 urte bitartean burutu zela dio batzordeak. Era berean, 1994 urtetik 2010era bitarte, gutunazal zurien prezioak zehaztu eta bezeroak banatzeko akordioa zutela dio, eta baita paperezko gutunazalen merkatuaren garapen teknikoa mugatzekoa ere. Azken akordio honen ondotik partzuergo teknologiko bat sortu zen, eta honek Cover Formas sozietatea sortu zuen 1997an. Antza, akordioak zituzten enpresen artean berrikuntza teknologikoak elkarbanatzea zuen helburu. Batzordeak dioenez, «1977an sortu zen akordioa, Espainiako lehendabiziko hauteskunde demokratikoekin batera».

Isunei dagokienez, Albizturren ordezkaritza duen Antalis lantegiari ia 8 milioi (7.826.650) euroko isuna jarri dio Espainiako Konpetentziaren Batzordeak; Tolosako SAM lantegiaren jabe den Printeos enpresari 2,4 milioi (2.392.580) eurokoa; Ibarrako Sobres Izalbe lantegiari 51.818 euro; eta Adunan ordezkaritza duen Unipapel enpresari 20 milioi (20.498.246) eurokoa. Bestalde, batzordeak jakinari duenez, Unipapel enpresa isuna ordaintzetik aske utzi du «ikerketa ahalbidetzen lagundu izanagatik», eta Antalis eta SAM enpresei isunaren %40 eta %30eko murriztapena egin die, «informazio esanguratsua» eman izanagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!