Espainiako Biketrial Txapelketaren lehen proban podiumera igo da Caminos

Ataria 2013ko apirilaren 3a

Irene Caminos tolosarrak hirugarren postua lortu du Espainiako Biketrial Txapelketaren lehen jardunaldian. Huelvan (Espainia) jokatu da lehen saio hori, eta guztira sei proba direnez, aurretik beste bost geratzen zaizkio tolosarrari.

Espainiako txapelketako proba igandean jokatu zen. Aurrez, larunbatean, gorputza berotzeko beste proba batean parte hartu zuen Caminosek, eta hor ere podiumera igo zen tolosarra, bigarren amaitu ondoren.

Espainiako Biketrial Txapelketan Caminosek parte hartzen duen bigarren aldia da aurtengoa. Iaz bera baino hobeto ibili ziren txirrindularien aurretik geratu da tolosarra, urte batean asko hobetu duen seinale. Konfiantza handiarekin aritu da lehian Caminos, eta proba ikusten zeuden hainbat  entrenatzaile harrituta geratu dira urte honetan tolosarrak egin dituen aurrerapenekin. Caminosek parte hartu duen txapelketa honetan, adin mugarik ez dagoela aipatu behar da, eta tolosarra 1998an jaioa dela. Horri, Huelvako Biketrialeko pista egoera oso onean ez zegoela gehitu behar zaio. Zaparrada handiak bota zituen, eta oztopoak labainkorrak zeuden.

Hurrengo jardunaldia Tarragonan (Herrialde Katalanak) izango da, hilaren 27an eta 28an. Txapelketako sei probetan parte hartzeko asmoa dauka txirrindulari tolosarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!