Txapel berria buruan duela ari da banakakoa prestatzen Jaunarena

Ataria 2013ko apirilaren 3a

Aspe pilota enpresako hainbat pilotarik txapelketa benetan berezia jokatu dute asteburuan, Zarautzen: Binakako Bost t’erdiko Txapelketa. Dena izan da berezia: kantxaren neurria, sistema, parte hartzea, atseden denbora... Horrenbeste bitxikeriren artean, gauza bakarra gelditu da argi, eta hori, Jon Jaunarenaren maila izan da.

Leitzarrak Aitor Zubietarekin osatu du bikotea, eta finalean Xala-Peñagarikanori irabazi zioten, 22-14ko emaitzarekin.

Bost t’erdiko txapelketa ostiralean hasi ziren jokatzen. Finalerdi bakarra jokatu zen, Xala eta Peñagarikano zuzenean sailkatu baitzituzten finalerako, enpresa arduradunek. Jaunarena-Zubietak aurkari Idoate-Laskurain izan zituzten, finalerdietan. Partida ikusgarri baten ostean, txapeldunek egin zuten aurrera, 22-19ko emaitzarekin. Egun bakarreko atsedenaren ostean, berriro itzuli ziren pilotariak kaiolara.

Finala parekatua izan zen, partidaren lehen zatiari dagokionez. Jaunarenaren jaialdia, ordea, orduan hasi zen. Markagailuak 13nako berdinketa markatzen zuen, hau da, 22rako bikote bakoitzari bederatzi tanto gelditzen zitzaizkion. Bederatzi horietatik zortzi, leitzar gazteak egin zituen: bost gantxo, bi dejada eta txapa gainean moztutako pilota bat. Ikusgarria.

Buruz burukoa hasteko gogoz

Zarautzen erakutsi duen jokoarekin oso gustura gelditu da Jon Jaunarena: «Noizean behin jokatzen ditugu horrelako txapelketak, eta bi partidetan gustura ibili naiz. Aitorrek asko lagundu dit,  konfiantza handia ematen baitu, eta bera ere oso ongi ibili da».

Bost t’erdikora ordezko bezala iritsi zen leitzarra, Ezkurdiaren lekuan: «Eskuetatik justu zebilen bera, eta nik asteburuan partida bakarra nuen, buruz buruko bat. Hemen sartu ninduten, eta oso ongi atera da niretzat».

Partidak aztertzeko garaian, biak gogorrak izan zirela dio Jaunarenak: «Bost t’erdian erritmoa altuagoa da, eta partida biziak atera dira. Finalerdietakoa oso gogorra izan zen, eta finala ere berdin, bai behintzat 13na arte. Hortik aurrerakoa errazagoa izan zen. Denok dakigu Xalaren maila nolakoa den, eta bere eguna baldin badauka zenbat jokatzen duen. Finalean ez zen bere egunik onena izan, eta gu hori aprobetxatzen saiatu ginen».

Binakako txapelketa finalerdietako ligaxkan aurkitzen da une honetan. Hau bukatzen denean, buruz burukoa hasiko da, eta bertan egongo da Jon Jaunarena. Iaz, bigarren mailako txapela irabazi zuen, eta horrekin batera, aurten maila nagusian jokatzeko txartela. Leitzarraren esanetan, entrenamendu pare bat eginak ditu jada, Idoate eta Haritz Lasarekin, baina buruz burukoa prestatzeko, lanean jarraitu behar dela uste du: «Frontoi osoan jokatzeko entrenamendu bereziagoak egin behar izaten dira, eta bi egunak baldin baditut ere, gehiago egin beharrean nago».

Txapelketara nola joango den galdetuta, presioa norberak bere buruari jartzen diona izaten dela dio leitzar gazteak: «Ahalik eta partida gehien irabazten saiatuko naiz, baina pare bat garaipen lortuz gero, egindako txapelketarekin gustura geldituko naiz. Ea lan polita egiten dudan buruz burukoan».

Une hori, egun martxan den txapelketa amaitu ondoren iritsiko da. Binakakoan beste leitzar bat dago, finalera sailkatzeko aukerekin, eta Jon Jaunarenak ez du hori ahazten: «Oinatz Bengoetxea eta Mikel Beroizek oso bikote gogorra osatzen dute. Lehen jardunaldia eta txapelketa osoa ikusita, finalean egoteko faborito nagusiak Irujo-Zabaleta direla uste dut, eta bigarrenak Bengoetxea-Beroiz».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!