20 urtez aisialdian hezitzen

Ataria 2013ko apirilaren 3a

Arkaitz Apeztegia Txiribituko sortzaileetakoa, Goretti Galarraga eta Jon Romero begiraleak eta Haizea Urrestarazu eta Idoia Odriozola laguntzaileak.

Hamaika bizipen, istorio, abentura, irribarre, argazki... Txiribitu aisialdi taldetik igaro diren ehunka gaztetxok euren barnean gorderik izango dituzte. Izan ere, 20 urtek askorako ematen dute, eta adin horretara iritsi denez, behar bezala ospatu nahi du Ibarrako taldeak, herriari zuzendutako Txiribitu Astea eta Txiribitu Eguna eginez.

Goretti Galarraga eta Jon Romero begiraleek azaldu bezala, «txikienei nahiz helduenei zuzenduriko ekintzak» izango dira hilaren 8tik 13ra. Batetik, herriari ikusarazi nahi diete 20 urte bete dituela taldeak, eta herritar guztiak eurekin batera ospatzera gonbidatu dituzte. Bestetik, Txiribituk «herrian izan duen pisua» ere nabarmendu nahi dute: «Herriari laguntzeko prest egon da beti, eta horren adierazle da, herriko jardueretan beti present izan dela», diote begiraleek.

Hitzaldiak, jolasak, tailerrak edota emanaldiak izango dira datorren astean, astelehenetik ostiralera, eta larunbatean, Txiribitu Egunean egun osoko egitaraua prestatu dute. «Bazkaria da guztien artean nabarmendu nahi duguna, herrikoen artean giro polita sortzea nahi baitugu». Horregatik, herritar oro gonbidatu dute bertan parte hartzera.

Txiribituren 20. urteurrenaren berri emateko aldizkaria ere egin dute aisialdi taldeko begiraleek eta gaztetxoek. Bertan taldeari buruzko pasadizo ugari irakur eta ikus daitezke. «Argazkietan Txiribitutik igarotako haurrak azaltzen dira, eta horien bitartez, 20 urte horien zati direla erakutsi nahi izan dugu», azaldu dute. Uzturpe ikastolan eta Ibarrako dendetan jarriko dute eskuragarri.

Begirale izateko pausoa

Aisialdi taldean jolastu eta hezten egotetik, begirale izatera pasa ziren Galarraga eta Romero. Gaztetxo asko eta begirale gutxi zeuden garaian, begirale laguntzaile izatea proposatu zieten, eta «gustura» onartu zuten. «Ekintzetan lagunduz hasi ginen, eta pixkanaka eskarmentua hartuz joan gara, begirale izatera iritsi arte», diote. Esperientzia «polita eta aberasgarria» izan dela nabarmendu dute. Batetik, begiraleen artean dagoen harreman «ona» azpimarratu dute; une asko igarotzen ditugu elkarrekin, elkarbizitza handia egiten dugu, eta erlazio polita sortzen da». Bestetik, herriko gaztetxoekin duten harremana «oso berezia» dela diote, «herrikoak, zure gertukoak baitira».

Haizea Urrestarazu eta Idoia Odriozola ere begirale izateko bidean dira. Txiribituko haur izatetik begirale laguntzaile izatera pasa dira berriki, eta «pozik» daude emandako pausoarekin. «Ardura batzuk hartu ditugu, eta gaztetxoekin beste tratu bat dugu. Hasi besterik ez gara egin, baina begirale izatera iristeko gogoz gaude». Denbora eta lana eskaintzen die begirale izateari, baina jaso ere jasotzen dutela diote laurek: «Pertsona moduan aberastu egiten zaitu».

Lagunarteko giroaz gozatu

Asko dira urtean zehar Txiribituk gaztetxoekin burutzen dituen ekintzak: larunbatetan jolasak eta irteerak egin ohi dituzte, Tolosako Inauterietan konpartsarekin dantza egiten dute, kanpalekuak antolatzen dituzte... Begiraleek adierazi dutenaren arabera, jarduera gehienek «helburu pedagogikoa» izaten dute. «Adinaren arabera antolatu ohi ditugu, eta txikienekin jolas egitera gehiago mugatzen bagara, 12 urtetik gorakoekin jolas soiletatik haratago, gaur egun bizi dugun egoeraren inguruko gaiak jorratzen ahalegintzen gara ekintzen bitartez».

Ekitaldi eta jarduera horiek «umeek euren denbora librean ondo pasatzeko aukera izatea, lagunarteko giroaz gozatzea eta herritarren artean harreman ona sustatzea» dute helburu nagusi bezala.

Hastapenetako oroitzapenak

60 gaztetxo inguru daude egun Txiribitu aisialdi taldean, eta horien ardurapean, berriz, 10 begirale. Duela 20 urte jarri zen martxan taldea, Arkaitz Apeztegia,  Cecilia Maiza, Aitziber Karrera eta Ana Alegreren eskutik. Apeztegiak gogoratzen duenez, Ibarrako parrokiko apaizak proposatu zion unibertsitate ikasketak amaitu zituenean Ibarran aisialdi talde bat sortzea: «Beste herrietako parrokietan bazirela aisialdi taldeak, eta Ibarran hutsune hori genuela esan zidan; ni Tolosako aisialdi talde batean aritutakoa nintzen, eta ideia asko gustatu zitzaidan, beraz, beste hiru kiderekin elkartu, eta aisialdi taldea prestatzeari ekin genion», azaldu du Apeztegiak.

Bada, urtebete igaro zuten aisialdi taldeen funtzionamenduez ikasten, taldearen helburuak finkatu zituzten, eta abian jarri zuten. «Pixkanaka gure eskaintza eta programazioa handituz eta aberastuz joan ginen, eta gu ere ikasiz joan ginen, begirale moduan formazioa jasoz, Hezkide eskolan».

Larunbatero ekintzak eginez hasi ziren: «Plazan aritzen ginen jolasean, lehengo egoitza plazaren ondoan baikenuen, oso giro polita izaten zen», dio Apeztegiak. Bigarren urterako udalekuak antolatzen hasi ziren, eta Inauterietarako dantza prestatzen ere jarri ziren. Haurrentzako kanpalekuak antolatzeaz gain, begiraleen artean ere egiten zituzten egonaldiak, «formatu eta taldeko helburuak eta egitarauak prestatzeko helburuz».

Gaztetxo eta begirale berriak sartzen ziren heinean taldea indartuz joan zen. «Taldearen jarraikortasuna ziurtatzeko begiraleen erreleboa zen gure helburuetako bat, eta horregatik begiraleak pixkanaka sartzen saiatu ginen». Apeztegia begirale moduan egon zen hainbat urtez, eta gerora ere, luzaroan jarraitu du taldeari loturik, «era batera edo bestera lagunduz». «Oso pozik» dago duela 21 urte hasitako proiektuak egun duen egoerarekin, eta urte askoan horrela jarraitzea espero duela esan du.

 

Egitaraua

Apirilak 8, astelehena

17:30. Altxorraren bila Ibarrako plazan, gaztetxoentzat.

Apirilak 9, asteartea

19:00. Maider Sierra psikologo eta gizarte hezitzailearen eskutik hitzaldia, gurasoentzako.

Apirilak 10, asteazkena

17:30. Graffitia Oihana Pelaezen eskutik, Ibarrako plazan.

Apirilak 11, osteguna

17:30. Tailerrak gaztetxoentzat, Txiribitu aisialdi taldearen egoitzan.

Apirilak 12, ostirala

18:00. Jon Magic magoa, Ibarrako kultur etxean.

Apirilak 13, larunbata

08:00. Diana.

09:30. Mendi irteera. Hasiera eta bukaera, Ibarrako plazan.

13:15. Triki poteoa.

14:30. Bazkaria Ibarrako plazan (eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian). Bazkarirako txartelak salgai daude Zubiaurre, Txumitxa, Alai eta Danon Txokoa tabernetan, 12 euroan umeentzat eta 16 helduentzat.

19:00. Dinbi Danba perkusio taldearen emanaldia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!