Ondo pasatzea, sormenari eragitea eta gazteak mugiaraztea. Horiexek dira Kilometroak 2013ko Ikasle Batzordeak antolatutako Ahora! bideo lehiaketaren helburu nagusiak.
Kilometroak 2013ko leloa ardatz hartuta, gehienez bost minutuko edozein bideo mota aurkeztean datza txapelketak: Harlem Shake-ak, flash mov-ak, film laburrak, bideoklipak... Edozerk balio du. Gainera, denen eskuragarri izateko, edozein formatutan grabatzeko aukera eman dute antolatzaileek. Hau da, bideo kameraz, sakeleko telefonoaz edo bestelako aparailuez egin daiteke.
Ikasle Batzordea osatzen duten ia 20 pertsonak gogor aritu dira lanean azken hilabetean. Jatsu Ormazabal da antolatzaileetako bat eta berak adierazi duen moduan, asteburu pasa joan ziren Getariara, ideiak botatzeko asmoz. Bertan lehiaketa egitearen ideiak indarra hartu zuen: «Entretenitzeko modu ona iruditu zitzaigun, eta horrela gazteak lokaletatik atera nahi ditugu. Hala ere, edonori zuzendutako lehiaketa da». Getarian bertan, lehiaketaren nondik-norakoak azaltzen dituen lehen bideoa grabatu zuten, eta orain, gehiagoren zain dira: «Entzun dugu batzuk grabaketetan hasi direla».
Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 10a izango da, eta ondoren, hilabete bukaeran ospatuko den Ahora! Astean bistaratuko dituzte lan guztiak.
«Sari potoloak» banatuko dituzte: 500 euro eta 20 lagunentzako egonaldia Getariako Askizu aterpean, edo 500 euro eta tablet bat irabazlearentzat, eta 250 euro bigarrenarentzat. Badute lana, beraz, gazte zein ez hain gazteek.