Aizkardi elkarteko kideak «oso gustura» daude herenegungo Mendi Martxak utzitakoarekin. 1.195 partaide izan ditu Villabonako mendi elkartearen ekimenak aurten, eta eguraldia lagun, aurreikusi bezala joan da guztia, «giro paregabean».
Aurreko urteetan bezala, parte hartzaileek bi aukera izan zituzten, proba motza eta iraupen luzeko martxen zirkuituan sartzen den luzea. Motzean 695 lagun izan ziren, eta luzean, 510. Hain zuzen ere, datu horietan dago beste urteekiko desberdintasuna. «Aurreko probetan luzean parte hartzen zuen kopuru erdiak parte hartzen zuen motzean, baina aurten gehiago izan dira proba motzean izena eman dutenak», azaldu dute Aizkarditik. Euren ustez, «bertako jende asko motzean irteten da, luze egiten zaielako beste ibilbidea».
Parte hartzaileen jatorriari dagokionez, eskualdekoak izan dira asko, eta beste asko Euskal Herriko txoko askotarikoak. Era berean, Madril edota Santander bezalako Espainiako lekuetatik etorritakoak ere izan direla azpimarratu dute.
Aizkardi elkarteko kideek Mendi Martxan era batera edo bestera lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie: «Herriko jendeari, dendariei edota elkarteei eskerrak ematen dizkiegu, gauden egoeran egonda ere oso ondo portatu baita jende guztia, esaterako oparien sortekin».