Lehiberri Zentroa inauguratu dute, topagune izateko helburuarekin

Ataria 2013ko martxoaren 22a

Lehiberri, Tolosaldeko Lehiakortasun eta Berrikuntzarako Zentroa, inauguratu zuten atzo. Ekitaldian Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Estibaliz Hernaez Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Teknologia sailburuordeak, Ibai Iriarte Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Jon Ander Torrea Lehiberri Foroko lehendakariak hartu zuten parte. Hauekin batera egon ziren Tolosaldeko udalerrietako ordezkariak, hainbat gizarte eragile eta eskualdeko enpresa ordezkariak, Appata-Erreka industrialdean eraiki duten eraikuntza berria bertatik beratara ikusten.

Atzo inauguratu zuten eraikuntza, Tolosaldea Garatzenek 2008an sortu zuen Lehiberri Foroak sustatu du, eta «bere emaitza nagusienetariko bat izan da», azaldu dute forotik. Helburuen inguruan honakoa gehitu dute: «Eskualdeko enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzen laguntzea da bere helburua, eta eskualdea berritzaileagoa izatea. Izan ere, horrela, enpresek balio erantsi handiagoko operazio eta proiektuetan lan egin ahal izango dute». Ildo horretatik, ekimen honen fruitu gisa lortu den helburu nagusienetako bat Lehiberri Zentroaren eraikuntza izan dela berretsi nahi izan dute.

Eraikuntzaren ardatzak

Tolosaldeko Lehiakortasun eta Berrikuntzarako Zentroak eskualdeko eragile sozioekonomiko guztien erreferentzia gune bilakatu nahi du. Era berean, Tolosaldeko behatoki sozioekonomiko gisa ere jardun nahi duela azaldu zuten atzoko aurkezpen ekitaldian. Zentroak lau ardatz ditu: Formazioa, elkarlana, ekintzailetasuna eta internazionalizazioa.

Eraikuntzak hiru pisu nagusi, sotoa eta ganbara ditu. Sarrerako pisuan 100 pertsonentzako edukiera duen auditorioa, eta Tolosaldean presentzia duten sektore ekonomiko nagusiak agertaraztera emateko erabiliko den erakusketa aretoa daude. Lehiberri Forotik azaldu dutenez, «bi espazio hauek, eskualdeko zein Gipuzkoako eta Euskadiko enpresen eta eragile sozioekonomikoen eskura izango dira». Pisu horretan, bertan, enplegu zentroa eta Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziaren bulegoak daude.

Lehenengo pisuan, Lehiberri Zentroko talde teknikoa egongo da. Bertan, teknologia berrien instrukziorako atondutako formazio gela bat dagoela esan dute eraikuntzaren aurkezpen ekitaldian; «baita enpresen hazitegi bezala ezagutzen den sorkuntzarako zentro bat ere, non ekintzaileek euren proiektuen garapenean lan egitea posible izango duten».

Bigarren pisuan, enpresen haztegiak egongo dira, guztira zazpi, «enpresa berritzaile eta sortu berrientzat». Enpresa sortua ez, baina ideia batekin dabiltzanentzat ere haztegi bat egongo da solairu honetan, kudeaketa aurreraturako formazio gela batekin batera. Sotoari dagokionez, forotik ondorengoa azaldu dute: «Enpresek elkarlanean dituzten proiektuak aurrera ateratzeko, hiru laborategi eta bi biltegi egongo dira bertan».

Eraikuntzaren erabilerari beste ikuspegi bat gehitze aldera, zera aipatu dute Lehiberritik: «Zentroa eskualdeko eragile sozioekonomiko denek elkarren artean lan egiteko toki fisiko berria da. Enpresen arteko elkarlaneko proiektu, eta proiektu berritzaileak aurrera ateratzeaz gain, gainontzeko eragileen proiektuak ere aurrera ateratzeko tokia dago. Alegia, Lehiberrik elkarlanerako, komunikaziorako eta topagune izateko beharrezkoa den azpiegitura eskainiko du».

Erreakzioak

Jon Ander Torrea, Lehiberri Foroko lehendakaria

«Enpresak Lehiberri Zentrora gauzak eskatzera etorri behar dute. Salmentarako institutua izatea ere asko gustatuko litzaidake, eta arlo horretan, lehen ikastaroa exportazioei buruzkoa izatea, zoragarria iruditzen zait, gai komertzialek lehentasuna dutelakoan bainago».

«Lehiberrin lan egiten ari den jendea enpresak laguntzeko gogotsu dago. Tolosaldeko enpresentzat ate guztiak irekirik daude, etorri eta eurek nahi duten norabidean laguntzeko prest dago Lehiberri».

«Elkarlana bultzatu behar dugu eskualdean; indarrak batu behar ditugu, eta bide horretan laguntzeko jendea prest dago, eta hori probestu behar da».

«Eraikuntza amaitu da eta bihar lanean hastea tokatzen da. Esfortzu ekonomiko izugarria izan da, eta horretan parte hartu duzuen guztioi eskerrik beroenak: lortu dugu!».

Estibaliz Hernaez, Berrikuntza eta Teknologia sailburuordea

«Lehiberri Zentro honetan formazioa, berrikuntza eta enpresak elkartuko dira, eta hemen sortutako ekimen eta proiektuak mundura begira ipiniko dira internazionalizazioa sustatuz».

«Euskadiko lehiakortasuna areagotzeko beharrezkoa den formularen osagaiak ditu Lehiberrik».

«Ez dira herri administrazioak lana sortzen dutenak; enpresei dagokie zeregin hori. Gure

ardura enpresentzat giro egokia sortzea da, hazkundea eta

enplegua errazago etor daitezen, eta horretarako ezinbestekoa da administrazioek eta

eragile ekonomiko zein sozialek elkarrizketaren eta adostasunerako jarreraren alde

egitea».

«Batzuen eta besteen ahaleginak batu behar ditugu, sinergiak eratu eta eraginkorragoak izan behar dugu».

Ibai Iriarte, Tolosaldea Garatzen-eko lehendakaria

«Eskualdearen argazkia gogorra da, baina hemen gaude etorkizuna eraikitzeko. Erronka handia dugu: eskualde mailako erreferente bilakatzea Lehiberri; eskualdeko sozioekonomia hobetzea; enplegua sortzea; proiektu berriak erakartzea; lan ildo berriak sustatzea; elkar eraginak sortzea eragile desberdinen artean; eskualdea saretzea eta sinergiak eragitea».

«Eraikin hau, izan nahi dugunaren adibidea da: gardena, irekia, gertukoa, guztiona... Lan egiteko era berri baten erakusle izan behar du: Ideia bat duenarentzat, lan bila dabilenarentzat edo lana eskaini dezakeenarentzat, eskualdea indartzea dugu helburu eta horretarako eraikinak ere tresnak ematen dizkigu. Enpresa haztegiak, formaziorako gelak, elkar ekintzak eta proiektu komunak sortzeko gune neutroak eskaintzen dizkigu Lehiberrik».

Martin Garitano, Ahaldun nagusia

«Lehiberri Zentroaren irekiera, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdeen garapenarekin eta enpleguaren sorrerarekin duen konpromisoaren adierazle da. Egitasmoa bertan behera gera ez zedin, gure konpromisoari eutsi genion, Espainiako estatuak hitza ez betetzean utzitako 400.000 euroko hutsunea gure aurrekontuetatik betez».

«Ziur nago Tolosaldeko herritarren eta enpresen onurarako izango dela zentro hau; herritarrentzako formazioa, gaitasuna eta ikasketetarako aukerak eskainiko ditu, modu honetan enplegua lortzeko aukerak hobetuz, eta Tolosaldeko enpresentzat, lehiakortasunean garatzeko aukerak ekarriko ditu. Tokian tokiko garapena bultzatzea da aldundi honen erronka, politika publikoen bidez desberdintasunak gainditu eta Gipuzkoa kohesionatuagoa eraikitzeko asmoarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!