Maxurrenea atzera herriari itzultzea eskatu dute leitzarrek

Ataria 2013ko martxoaren 19a

Leitzako Udalak herriko eragile desberdinen eta herritar «gehienen» babesarekin Maxurrenea eraikina herriari itzultzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Udalaren eskaera historikoari erantzun, eta horrela Leitzako kultur azpiegitura ezari irtenbidea ematea espero du udalak.

Egun, Guardia Zibilaren kuartel funtzioa betetzen du eraikinak. Espainiako eta Nafarroako Gobernuen arteko arrendamendu kontratua 2003ko urrian sinatu zuten, eta baldintzen artean 10 urteak bete ondoren Nafarroako Gobernuak akordioa bertan behera uzteko ahalmena zegoen. Aurten hamar urte betetzen direla baliatuz, Leitzako Udalak Nafarroako Gobernuari Maxurrenea eraikina udalari baldintzarik gabe eman diezaiola eskatuko dio. Hala onartu zuen iragan ostiralean onarturiko mozioan.

Era berean, eraikinaren erabilera kultur azpiegitura ezari irtenbidea eskaintzeko bideratu behar dela aldarrikatuko du udalak. Horretarako Nafarroako Gobernuari arrendamendu kontratua bertan behera utz dezala eskatzen dio.

Leitzako eragile gehienek eta norbanako ugarik Maxurrenea herrira itzultzeko emango diren urrats guztietan udalari babes osoa emateko borondatea adierazi dute. Halaber, Nafarroako Parlamentura zabalduko dute asmoa, eta talde desberdinekin elkartzeko nahia adierazi dute, euren atxikimendua lortzeko, eta horrela «Parlamentuak Nafarroako Gobernuari Maxurrenea Leitzari itzul diezaion eskatzeko». Sinadura bilketa ere egin asmo dute, «Nafar Gobernuari eskaera bideratzeko».

Maxurrenea eraikinaren erabilerak ibilbide luzea du, 1963an Amazabal Patronatua sortu zenetik. Liburutegi publiko bezala erabili zuten, ezinduentzat zentroa, ikasleentzat erresidentzia, Leitzako FP... 1975. urtean dohaintzan eman zioten Amazabal fundazioari eraikina, erresindetzia bezala, edota hezkuntza edo gizartera bideratutako bestelako ekimenetarako izateko baldintzarekin.

Hiru urte eta gero, Nafarroako Gobernuari eman zion dohaintzan fundazioak, beti ere

eurentzat utzitako erabilera berdinekin mantentzeko baldintzarekin. 1998. urtean Leitzako Udalak Maxurrenea itzultzeko eskatu zion Nafarroako Gobernuari.

Erabilera zehazten ari zirela argudiatuta eskaera bertan behera geratu zen. Gauza bera gertatu zen ondorengo eskaeretan ere, azkenik, Nafarroako Gobernuak erabilera baldintzak hautsi eta Guardia Zibilaren kuartel izateko utzi zuen arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!