Emakumearen Nazioarteko Eguna izan zen martxaoaren 8an eta Tolosaldean zein Leitzaldean hainbat ekitaldi egin zituzten, aldarrikapena eta festa uztartuz. Elkarretaratzeak egin zituzten, eta, besteak beste, Zizurkilen Eskubide eta amets parekideak bermatuko dizkigun hezkuntzaren alde lelopean elkartu ziren.
Bere aldetik, Amasa-Villabonako Hutsunea Betez emakumeen elkarteak urban knitting ekimena burutu zuen Errebote plazan. Bertako farola batean, elkarteko kideek elkarrekin egindako puntu-lana zintzilikatu zuten. «Emakumearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeaz gain, lan honekin erakutsi dugu elkarri babesa ematen diogula, eta elkarrekin egotean ondo pasatzeko aukera dugula», azaldu zuten. Aldarrikapenak ospakizun bihurtu zituzten Tolosan, kalejira morea eginez. Berastegin, besteak beste, herri kirol eta jolasekin ekin zioten egunari; lehia sanoa eta giro ona nagusitu ziren. Mahaiaren bueltan emakumeak hainbat udalerritan elkartu ziren.