«Benetako sakeoa» eman dela Peroten salatu dute langileek

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 1a, 11:39

Atzo bete zuten hilabete greban Zizurkilgo Huyck Wangner —Perot zena— enpresako langileek. Urtarrilaren amaieran ia lantalde osoa kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen enpresak. 81 langiletatik 75 bota nahi ditu. Astelehenean amaitu zen dosierraren gainean negoziatzeko epea, eta akordiorik ez dute lortu. «Multinazionalak ez du negoziatzeko borondaterik agertu. Lantegia husteko erabakia estrategikoa da. Erreforma laboralaz baliatuz, Zizurkilgo langileak merke kaleratu nahi dituzte multinazionalak oraindik diru gehiago irabazteko», azaldu du Mikel Zabaleta ELAko ordezkariak.

Zabaletaren esanetan, nahiz eta langileek egun batetik bestera izan zuten kaleratzeen berri, «erasoa aspaldi hasi ziren prestatzen». «2010. urtetik Zizurkilgo enpresatik  multinazionalera 5 milioi euro baino gehiago eraman dituzte; talde barneko salmenta neurriak guztiz desorekatuak izan dira multinazionalaren mesedetan; eta horrez gain, muga zorrotzak jarri dizkiote lantegiari, bai egin beharreko produktuetan eta bai herrialde askotako merkatuetan sarrera debekatuz». Hala, «benetako sakeoa» egon dela, eta hala eta guztiz ere, urtez urte irabaziak ematen jarraitu duela adierazi dute.

Bestalde, Peroteko langileek berretsi dutenez, arazoari irtenbidea emateko Euskal Herriko erakundeen inplikazioa «beharrezkoa» da. Arlo honetan, inguruko Udalek eman dieten babesa azpimarratu eta eskertu dute, eta

Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egiteko zain daudela adierazi dute. Eusko Jaurlaritzarekin, ordea, bilera egin dutela, baina «zoritxarrez» ez duela emaitzarik eman esan dute: «Ahalmen handiena duen erakundea den heinean, proposamenen edota laguntzaren bat egitea eskatu genion, enpresa gelditzeko bultzada gisa, baina ez dugu inolako proposamenik jaso».

Manifestazioa larunbatean

Mikel Zabaletak azaldu duenez, martxoaren 7 aldera jasoko dituzte kaleratze gutunak langileek, eta hori gertatzen denean, enpresaren aurkako salaketa jarriko dute, espedientea baliogabetzea eskatzeko. Zabaletak nabarmendu du «partida ez dela amaitu» eta duela hilabete hasitako borroka «gogor eta eredugarriarekin» jarraituko dutela langileek. Halaber, greban jarraitzeaz gain, bihar manifestazioa egingo dute Tolosan, 12:00etan, Trianguloa plazatik hasita, eta herritar oro deitu dute bertara, Peroteko langileei elkartasuna adierazteko.

Espedientea aurkeztu zuenean jarduerari eustea ez dela bideragarria esan zuen enpresak, eta hainbat arrazoi eman zituen hori argudiatzeko: papergintzaren sektoreko krisia, salmenten jaitsiera eta makineria berritzeko egin beharko lukeen inbertsioa. Tresneria berritzeko, 24 milioi euro beharko lirateke, enpresak azaldu zuenez. Inbertsio hori eginda ere, uste du ez dagoela bermatuta eskaria handituko denik; berrikuntzak egin ezean, berriz, galerak areagotu egingo liratekeela dio.

 

Adinekoen zentroetan hirugarren greba eguna

Adinekoen egoitzek herenegun hasi zuten greba, eta gaur izango dute hirugarren eguna. ELA eta LAB sindikatuek azaldu dutenaren arabera, grebak «erabateko jarraipena» izan du orain arte, eta ADEGI Gipuzkoako Enpresarien elkarteari proposamena sinatzeko eskatu diote. Grebaz gain, hainbat dira egin dituzten mobilizazioak. Gaur, grebaren hirugarren egunean, manifestazioa ere egingo dute Donostian, 11:30ean, Bulebarretik irtenda. Gipuzkoako 55 egoitza eta eguneko zentro dira herrialdeko lan hitzarmenarengatik 2012ko urritik negoziazioetan ari direnak.

Bestalde, LAB sindikatuak bat egin du martxoaren 9rako Bilbon eta Iruñean Ez kaleratzerik, ez erreformarik, ez inposiziorik, enplegua defenda dezagun lelopean deituta dauden manifestazioekin. Hala, borrokan dauden langile batzordeek kaleratutako idatziari atxikimendua eman dio sindikatuak. Sektore guztietan gertatzen ari den «erasoa» salatu dute, eta egoera «jasanezina» dela adierazi. Hala, beharrezko ikusi dute enpresa komite ezberdinetako langileek bat eginik gatazka guztiak kalera ateratzea. Enpleguaren eta lan baldintzen kontrako erasoak lehen mailako arazo diren neurrian gizarte osoari eginiko eraso direla salatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!