Ibarrako Bai Euskal Herriari-k ikurrinaren aldeko ekimena burutu du azken astean. Lehenik, iragan astearte gauean, Espainiako banderaren aldeko idatzia zabaldu zuen herri guztian zehar. Bertan, balkoietan ikur hori jartzeko eskatzen zen. Ondoren, iragan ostiralean, ibartarrei azalpenak ematen zizkien bigarren idatzia zabaldu zuten: «Lehen idatziaren helburu bakarra, ibartar guztiok gure udal zinegotziek bizi berri duten testuinguruan kokatzea besterik ez zen».
Bai Euskal Herriari herri mugimendutik Espainiako gobernuaren jarrera gogor salatu dute: «Inposaketa, mehatxu eta abarren bidez, gureak ez diren ikurrak jartzera behartu nahi gaituzte». Inposaketaren aurrean herri bezala erantzun behar dela dio Bai Euskal Herriari-k, «hainbeste min egin digun idatzian eskatutakoa bete ez dadin».
Bide horretan, bi deialdi egin dizkie herritarrei: «Alde batetik, balkoietan ikurrinak jartzera gonbidatzen zaituztegu, eta bestetik, martxoaren 9an Tolosan egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten dugu». Eskualde mailako mobilizazioa 12:00etan irtengo da Trianguloa plazatik.
Azkenik, lehen idatziak herrian sortu zuen «zurrumurru eta ezin egonagatik» barkamena eskatu dute Ibarrako Bai Euskal Herriari-tik.