Iruretagoienaren aurkako epaiketa hasi da Parisen

Ataria 2013ko otsailaren 19a

Frantziako Justiziak hamar pertsonen aurkako epaiketa hasi du, Parisen, tartean Luis Ignacio Iruretagoiena tolosarra dela.

Beste epaituak Garikoitz Aspiazu, Aitzol Iriondo, Jurdan Martitegi, Mikel Carrera, Oihan Barandalla, Alaitz Aramendi, Ander Mujika, Aitzol Etxaburu eta Itziar Plaza dira, eta  2007an Landetan familia bat bahitu eta hauen autoa Castellon-en (Herrialde Katalanak) atentatu bat egiteko erabiltzea leporatzen diete. Autoa Oropesa herritik kilometro batzura lehertu zen. Atentatu horregatik Mattin Sarasola eta Igor Portu zortzi urteko espetxe zigorra betetzen ari dira Espainian.

Atzo hasi zen epaiketak lau aste inguru iraun ditzake. Xabi Larralde, Maribi Ugarteburu eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak izan ziren, atzo, Parisen; epaiketak, Frantziak Euskal Herriko gatazkan duen parte-hartze zuzena erakusten duela dio ezker abertzaleak, eta gogora ekarri dute, Aieteko adierazpenak zuzenean eskatu ziola Frantziari, konponbidean dagokion ardura hartzea. «Estatu frantsesak bere burua Euskal Herriko gatazkaren konponketaren aldeko prozesuan inplikatu behar du», esan zuen joan aurretik ezker abertzaleak.

1tolosa@hitza.info

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!